2011-03-23

L.I.A. NEKAZAL EGUTEGIA

Gaur egun oso erraza zaigu zein egun den jakitea, edozein bazterretan aurkituko dugu egutegi bat zintzilik edo orman itsatsirik. Urtarrila, otsaila, martxoa,azaroa, uztaila,… eta urtaroak ere era berean joaten eta etortzen zaizkigu, udara, udazkena, negua eta udaberria.Baina gure aurrekoek ez zuten horrela bizi “kalendarioa”, bizitza industrializatutik at bizi bai ziren, nekazal giroan edo munduan urtarrila edo hilbeltza esatea ez zen berdin, edo ekaina edo garagarrila esateak bazuen alde galanta. Hilabete bakoitzari ere bere izena nonbaitetik datorkio eta hori nekazal munduak emanak dizkigu.
Ostoa argitaletxeak  “Etnografia del pueblo Vasco, modos de vida tradicionales” liburuan modu egokian lantzen du gai hau, atrebentzia handiz bertan Fermin de Leizaolak  idatzitako artikulu baten laburpena eta itzulpena egiten saiatuko naiz.
Fermin de Leizaolak horrela dio; “Urtean zeharreko  euskal egutegiko hilabeteek nekazaritzako lan prozedurekin zer ikusi handia dute. Adibidez AZAROA da nekazaritzako urtea hasten den hilabetea, AZILLA, hau da hazia ereiten hasten den hilabetea bezala ezaguna. Zuberoan GOROTZILA bezala ere ezaguna da hilabete hau, gorotza edo Lizartzan agian ezagunagoa den ximaurra zabaltzen den hilabetea.
EPAILLA edo martxoa zuhaitzak edo arbolak kimatzeko hilabetea JORRAILA edo apirila, lurra jorratzeko hilabetea.OSTOILLA edo ORRILLA, orrien hilabetea da maiatza.
Ekaina GARAGARRILA, garagarra lantzeko hilabetea edo Bizkaian ekainari BAGILLA ere  esaten zitzaion, hau da, baba landatzeko hila.UZTAILA edo GARILLA, uztaren hila edo gariaren hilabetea. Abuztua edo AGORRILLA, hilabete agorra edo lehorra. IRAILA iralea edo garoa jasotzen den hilabetea. Eta azkenik URRIA urrearen hilabetea, fruitu lehorra jasotzeko hilabetea edo LASTAILLA bezala ere ezaguna da hilabete hau, lastoa biltzen den hilabetea delako.
Badira beste hilabete batzuk nekazal munduko lanarekin, agian, zer ikusirik ez dutenak, baina gure artean ezagunak zaizkigunak, adibidez urtarrila izendatzeko hilbeltza erabiltzen da. Behar bada hilabete horretan lurreko lanak egiteko hil beltza zelako edo delako. Otsaila, katuhila bezala ezaguna da, hilabete horretan katuak marru bizian aritzen direlako, haur txikien negar  marruaren antza handia dutelarik.

Fermin de Leizaolak bere liburuan dion bezala: Euskal Herriko nekazal eta artzaintza mundua ezin da ulertu egutegi edo “santoral” katolikorik gabe.  Nahiz eta jai batzuk mundu paganotik hartuak edo eratorriak izan kristau munduak bereganatuak izan ditu.
Nekazal munduarekin harreman zuzena duen jaietako bat “San Anton” da, urtarrilak 17an ospatzen dena.  Animalien bedeinkapena egiten den eguna, gaitzetatik babesteko. Elizaren inguruan buelta bat ematen da eta ikuiluetan san Antonen postaltxo bat ere jartzen da.
Otsailak 2, Candelaria, otsailak 3 San Blas eta otsailak 5 Santa Ageda. Candelarian kandelaren bedeinkapena egiten da, ekaitz egunetan erabiliak izango direnak. San Blas egunean janariak bedeinkatu eta eztarriko gaitzak uxatzeko eguna. Santa Ageda haur jaioberri eta ama berrien zaindaria da.
Ondoren IÑAUTEAK edo IÑOTEK  datoz ihauterien festa dator. Haragiaren aldia amaitu eta  barau aldia dator. Ihaute jai honek europan barna forma eta pertsonaia desberdinak  hartzen ditu ezaugarri bezala. Adibidez Zanpanzar Ituren eta Zubietan suletinoko maskarada,  Marquitos Zalduendokoa,Lantzeko Mielotxin, ziripot, Xaldiko, Lizartzako, Aranoko eta Goizuetako ihauteriak besteak beste.
Apirilak 25ean San Markos jaia ospatzen da, artzaintza munduan jai garrantzitsua. Egun honetan artaldearen mendirako bidea hartzea markatzen du. Neguaren bukaera adierazten du eta zelaiak gaitzetatik babestu eta ereindakoa babesten du.

Maiatzeko gurutzea, maiatzak 3an ospatzen da, ura bedeinkatu eta ateetan, leihoetan, bordatan eta zelaietan  gurutzeak jartzen diren eguna, honela txismista eta espiritu gaiztoetatik  babestuak gera daitezen jartzen dira. Elorrigurutzeak ere erabiltzen dira.
Ekainak 24ean San Juan ospatzen da. Udako solstizioa markatzen du, su pizten da bezperan, ateetan lizar adarrak jarriaz.
Irailaren 29an San Migel eguna, artzainek kontuak egiten dituzten eguna, ordainketak egiten zituzten eguna.
Amaitzeko, azaroaren 11ean san Martin eguna, txerria hiltzeko eguna, urte osoan gizentzen eduki ondoren hiltzen da. Egun hau alaitasunez beterik bizi zuten, gizonak txerria hil eta andreak odolkiak egiten pasatzen zuten eguna.

Hilabeteekin batera esaera zaharrak ere uztarturik daude, horra hor zenbait:

                        .- Maiatza hotz, urte zorrotz.
                        .- Maiatza eurite, urte ogite.
                        .- Uztaila errautsu, laboraria orgulutsu.
                        .- Urrian artoak burutzen eta iñarak buztantzen.
                        .- Azileko ortzia, neguko iruzkia.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina