2011-03-23

L.I.A. ZUTIK EUSKAL HERRIA

Gora Lizartza

Gainean ditugu 2011ko ihauteriak, herrian, umore onean igarotzeko festa herrikoiak. Bakarka edo taldeka hasi lanean, mozorroak, karrozak, ideiak gauzatzen. Herrian ere urte hau erabakiorra dugu, hauteskundeak baitatoz eta honekin batera udala herriari itzultzeko aukera. Guztion lana da, bakarka edo taldean, baina aukera hau ez dezagun pasatzen utzi. Urte zailak igaro ditugu, jada 8 urte dira kanpotarrak Udalean agintzen. Maite dugun herri honetan gure nahiak aurrera atera behar dute, orain dugu aukera.
         Politika mailan aldaketa handiak ematen ari dira eta esperantzaz beteriko denborak datoz, Espainiatik errepresioa besterik ikusten ez badugu ere, “arrazoia” bere lekua irabazten joango da eta urte onak etorriko direlakoan gaude.
          Lizartzako ezker abertzaleko kideak hasi gara lanean, inkesta herritarrei luzatuaz eta bertan atera diren ideiak bildurik herri programa heldu bat egiteko asmoz. Zuen parte hartzea garrantzitsua da, talde sendo bat behar da. Hainbeste urtetan udaletik kanpo egonik,  antolaturik ziren lan taldeak desagertu dira eta benetan garrantzitsua da, arlo desberdinetako jendea biltzea, lan talde desberdinak martxan jartzeko.
         Lan egiteak merezi du, ereindakoak beti ematen baitu fruitua. Bakoitzak gustuko duen horretan lan eginez joko dugu aurrera, lagun euskaldun, ezkertiar eta solidarioz beteriko herri bat eraikiz.
         Peio, Aitor, Gari, Haimar, Jose Antonio, …. Ea gure ametsa egi bihurtzen den eta aurtengoan ez, baina hurrengo ihauterietan beste karroza bat herrian.
         Falta direnak eta gaixo daudenak gogoratuz, ihauteri ezin hobeak  opa dizkizuegu. Mozorrotu eta kalera.

GORA LIZARTZAKO IHAUTERIAK!
Lizartzako ezker abertzalea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina