2011-03-23

LIZARTZAKO IHAUTERIAK ALDIZKARIA. SARRERA

2011-ko Otsailaren 19, 25, 26 eta 27-an ospatuko ditugu aurtengo Ihauteriak. Data berdinean ospatu genituen 1994. eta 2000. urtean ere!

1994. urtean (berreskuratu genitueneko urtea) garizuma garaian ospatu baziren ere, geroztik egutegi arruntetan markatzen diren Ihauteriak baiƱo astebete lehenago ospatzen dira Lizartzan. Beraz Pazko-igandea baino 8 aste lehenago, 56 egun lehenago zehazki Lizartzako Ihauteri-igandea. Jakina da Pazko-igandea udaberriko lehenengo ilargi betea den asteko igande horretan ospatzen dela. Urtero aldatzen da beraz Ihauterien data ilargiaren arabera.
  
Aurtengoan 18. aldiz ospatzera goaz. Urte guzti hauetan haizea, izotza, eguzkia, elurra eta euria ezagutu ditu gure Ihauteriak. Giro beroa, epela eta hotza. Gai izan da gu guztiongan alaitasuna, tristura, ilusioa eta nekea sortzeko. Bizi seinale hauek kontutan izanda Ihauteriak bizia duela esan genezake.  

Jende berria ezagutu du Ihauteriak, bada Ihauteririk gabeko Lizartza ezagutzen ez duen jendea ere. Bestalde Ihauteriak ezagutu eta bizi izan dituen makina bat jende joan da gure artetik. Bizitzak hiltzea zor omen du. Baina Ihauteria bera ez ote da hilezkorra?

Gure arbasoek ezagutu zuten Ihauteria, bizi izan zuten Ihauteria. Batzu-batzuk lozorroan topatu bagenuen ere ezagutu dugu Ihauteria, bizi dugu Ihauteria. Gure ondorengoak ezagutuko ote dute Ihauteria? Biziko ote dute Ihauteria?

Ihauteriak ezagutu zituen gure arbasoak, ezagutu gaitu gu, ezagutuko ote ditu gure ondorengoak? Bizirik jarraituko ote du Ihauteriak?

18 urte betetzean adinez nagusi garela esan ohi digute guri. Baina hilezkorra den momentutik Ihauteriak ba al du adinik?

Denbora aurrera doan heinean aldatzen doa eta aldatuko da Ihauteria. Moldatzen doa eta moldatuko da bizimodu ezberdinera. Gureganako menpekotasuna izan arren bizirik jarraitzeko gaitasuna du Ihauteriak.

Eta gu, hiltzera kondenatuta gauden honetan, ez al da zoragarria hilezkorra izan daitekeen zerbaiten parte izatea? Hilezkorra izan daitekeen zerbaiti bizia eman eta aldi berean bera bizitzea?

Eman diezaiogun beraz bizia Ihauteriei!! Bizi ditzagun Ihauteriak!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina