2013-03-05

KIROLAK_HAURREN FUTBITO TALDEA


1.      Nolatan okurritu zitzaizuen futbito taldea sortzea?

ALBERTO: Herri txikietako kontua da. Ikaztegietatik atera zen ideia, haurrek pilotaz gain beste kirolen bat egiteko. Honela, Ikaztegieta (Ion), Orexa (ni), Lizartza (Mikel), Abaltzisketa eta Berastegi elkartu ginen bi helburu garbirekin: gure umeek elkarrekin jolastea eta talde mixtoak egitea berdintasuna bultzatzeko. Aurten Leaburu elkartu zaigu eta Berastegik ez du parte hartu.

2.      Noiz sortu zenuten?

Iazko ikasturtean.

3.      Ze izen dute taldeek?

Oraingoz Lizartza-Orexa A eta B. Gure proposamena, jokalariek bi herrien izena osatzen duten hizkiekin beste izen bat asmatzea da. Edonola, azken erabakia beraien esku uzten dugu.

4.      Lizartzan pelota ez den beste kirol bat egiteko aukera edukitzea ona da haurrentzat ezta?

ALBERTO: Noski baietz. Eta gehiago egiteko aukera balego hobe: eskubaloia, saskibaloia…

AITOR: Herri txikiak garela kontuan izanda, bertan kirol desberdinak probatzeko aukera izatea eta eskeintzea denontzat da ona, baita gurasoentzat ere.

5.      Haur asko apuntatu dira eta bi talde dituzue. Zein da horren sekretua?

ALB: Bi ez, hiru talde ditugu. Bi alebin mailako eta benjamín mailakoa bestea. Azken hauei guk jarri diegu izena: LIZTORRAK, hizki jokoa praktikatuz. Eta sekretua umeengan dagoela uste dut, beraien nahia delako.

AIT: Bolada kontua ere izan daiteke. Egun, adin beretsuko neska mutil kopuru polita dugu eta horrek gauzak errazten ditu. Kuadrillaren barnean ateratzen da ideia eta bata bestearen babesean… aurrera!

  1. Neskak ere bai. Hori berri  pozgarria da ezta?

ALB: Gaur egun normaltzat hartu behar dugu, ezta? Realean eta Athleticen ere badituzte goi mailako taldeak oinarritik egiten den lanari esker.

AIT: Maila hauetan neskak mutilen pare ibil daitezkeela sinisten dugulako egin dira talde mixtoak. Gainera, gure gaztetxoen heziketarako experientzia positiboa eta aberatsa izatea nahiko genuke.

  1. Ba al duzue zuek esperientziarik entrenatzaile edo jokalari moduan?

ALB: Entrenatzaile titulua Bartzelonan atera nuen, Orexako Guardiola zerbaitegatik deitzen didate! Jokalari garaian “defensa-estorbo” postuan primeran moldatzen nintzen. Entrenatzaile gisa, hau da nire lehenengo taldea; aurtengo udan Gaztelu Cityko jekeak fitxatu nahi ninduen baina uko egin nion eta hemen jarraitzea espero dut.

AIT: Nik lehenengo urtea dut entrenatzaile moduan eta jadanik jarraitzaileek Mourinho deitzen didate, zergatik ote? Mahai gainean Pagozelaiko Spartaken eskaintza eta Lizartza-Orexako proiektua nituen. Bistan da etxeko giroa  hobetsi dudala Gorritiko petrodolarren aurrean. Jokalari moduan ibilbide laburra izan nuen, “pakete” xamarra nintzen eta taldea osatzeko edo bultoa egiteko aproposa nintzela uste dut.

  1. Astean zenbat aldiz entrenatzen duzue?

Astean behin. Astearteetan ordu eta erdi.

  1. Entrenatzaile gogorrak al zarete? Garrasi asko ateratzen duten horietakoak?

ALB: Erantzuna hire esku, Aitor!!

AIT: Jokalariei galdetu behar! Orokorrean oso ondo portatzen dira eta ez dago oihuka ibili beharrik. Etxe guztietan bezala izaten dira tentsio uneak, baina norberak badaki zein den bere eginkizuna taldean eta  gure artean giro polita lortzen ari garela uste dut. Dena den, Gabonetan Valdebebasen ikastaro batean egon gara, Real Madrileko instalazioak eta entrenatzeko metodo berriak ikasten gure taldera egokitzeko.

  1. Ze txapelketa ari zarete jokatzen?

Guk antolatutako Herri Txikietako Areto Futbol Txapelketa.

  1. Zer moduzko emaitzak ari zarete lortzen? Txapelketa irabazteko esperantzarik bai?

ALB: Emaitza nahiko onak ari gara lortzen, baina helburua ez da txapelketa irabaztea. Kirola beste ikuspegi batetik ulertzea nahi dugu. Irabazle eta galtzailerik gabeko denbora-pasa izan behar duela, alegia.

AIT: Parte hartzea, talde lana eta elkartasuna bezalako baloreak bultzatu eta indartu nahi ditugu umeen artean. Gurasoei ere azaldu diegu gure egitasmoa eta guztiok argi dugu partiduak edo txapelketa irabaztea bigarren mailan gelditzen dela. (Beno, umeek beharbada oraindik ez!!).

  1. Badakit batzuetan Orexan eta besteetan Lizartzan jokatzen dituzuela partiduak. Ze egunetan jokatzen dituzue?

ALB: Normalean larunbatetan, arratsaldeko bostetan. Etxeko partiduak herriak txandatuz jokatzen ditugu, bat Lizartzan eta hurrengoa Orexan.

 

  1. Herritarrik joaten al da partiduak ikustera?

ALB: Gurasoak behintzat bai, eta hemendik aurrera jende gehiago etortzea espero dugu. Polita da herritarren animoak jasotzea eta oraindik hurbildu ez zaretenoi gonbidapena luzatzen dizuegu gure artean ondo pasatzeko.

AIT: Iaz ikusi ahal izan nituen partiduetan ikusle dexente biltzen ziren. Aurten, lehenengo jardunaldian Lizartzako frontoian sekulako giroa sortu zen Abaltzisketa eta Leaburuko lagunen bisitarekin. Beste herrietan ere antzeko giroa sumatzen da. Futbola ez gustatu arren, umeen ilusioa eta ahalegina ikusteagatik bakarrik, merezi du frontoira azaltzea. Beraz, etorri eta ANIMATU gure taldeak.

  1. Orexa eta Lizartza bat eginda. Hau ezingo zen imajinatu orain dela urte batzuk ezta?jeje

ALB: Txandapasa!!!Ni Arrasatekoa nauk, hemen autoktonoa hi haiz!!!

AIT: Autoktonoa eta Orexako arrasatearra, Lizartzako tolosarra, Tolosako lizartzarra, han jaioa, hemen bizi dena…gai hori beste baterako utziko diagu ez? Hariari helduta, auzoko herrien arteko ezinikusiak edo pikeak kontu zaharrak iruditzen zaizkit, inora ez daramaten eztabaida antzuak. Gure kasuan berdin, saltsa apur bat ondo dago eta elkar zirikatzea ere bai, baina gauzak muturrera eraman gabe. Azken urte hauetan Lizartzako eskolako ikasleen laurdena orexarrek osatzen dutela kontuan hartuta etorkizunean zailagoa izango da bereizketak egitea. Gainera, ezinezkorik ez dagoela azaltzen duen adibidea aurrean duzue: Pep eta Mou talde berean elkartuta!!! Orexa eta Lizartza zergatik ez???

Gora LIZARTZA-OREXA AFT!!! Gora IHAUTERIAK!!!
Lizartza-Orexa A
 
Lizartza-Orexa B
 
Liztorrak
 
Entrenatzaileak

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina