2013-03-05

LIZARTZAKO IHAUTERI DANTZAK EUSKAL HERRIKO TXOKOETAN ZABALTZEN


Jakin bagenekien Lizartzako ihauteri dantzak badutela berezko xarma, eta erakargarritasuna. Herrian estimua izan badute, baina, urtero plazan egite horrek, duen balioa galduarazten die dantzei. Horaingo honetan kanpotik gogorarazi digute dantza hauek duten garrantzia eta balioa Euskal Herri mailan. Azaroaren erdialdera telefono dei bat jaso genuen, Oier Araozalak deitu zigun, Oier Dantzan Ikasi elkarteko kidea da, beraien helburua dantza tradizionalen formakuntza ekimena da. Elkarte honek Gipuzkoako hainbat herritako dantzak irakasten lan egiten du, eta lan hau Euskal Herriko herrietan dantza irakasten dabiltzan irakasleei bideratzen die.

 

            Lehen esan dudan bezala Oierren deia jaso genuen, eta azken urte hauetan osatzen ari diren lana aurkeztu ziguten, eta zeregin horren barruan Lizartzako Ihauteri dantzak beraiei erakustea sartzen zuten.

 

            Aurkezpena egin eta gero Otsolarren hitz egin genuen, ideia erakargarria iruditu zitzaigun eta lanari ekin genion. Abenduaren 15ean Tolosako polikiroldegian hitzartu ginen ikastaroa emateko. Bederatzi pertsona gerturatu ziren bertara, Beasaindik, Gasteiztik, Zarauztik, Donostiatik,...Eta Lizartzatik hiru irakasle hasiera batean, baina, gero beste ordezkari batzuk ere agertu ziren, gazte eta heldu.

           

            Saioa hiru orduz luzatu zen, goizeko hamarretatik eguerdiko ordu batera. Denbora honetan guk erakutsi eta beraiek ikasitako dantzak hauek izan ziren: paseoa, lehena, bigarrena, ostiko dantza, pala dantza eta makil dantza. Benetan trebeak ziren eta nabari zen irakasleak zirela, galdera zehatz asko egin zizkiguten. Bide batez, gure ihauterien istorioak eta historia kontatzeko parada izan genuen, noiztik datozen, nola berreskuratu ditugun, zer egiten dugun ihauterietan, nola bizi ditugun, eta dantzarien jantziak ere eraman genituen ikus zitzaten nolakoak ziren. Guzti hau argazkien, bideo eta aldizkarien bidez ere erakutsi genien. Esan behar da ihauterietako CD a ere eman geniela bakoitzari, dakizuenez bertan dantza doinuez aparte ihauterietako kantak daude, badakizue girotzen joateko.

 

            Saio luzea, sakona, interes handikoa eta gure altxorra diren dantzetaz harro egoteko “txute” bat izan zen. Herrian ez ezik kanpokoek ere, dantza hauei beren balioa ematen diotela konturatzeko lagundu n digu.

 

 

            Eta ahaztu gabe, aurtengo ihauterietara gonbidatu genituen, ea beraietako norbait ikusten dugun eta gure ihauteri dantzak gurekin batera dantzatzera ausartzen den.

 

Norbaitek gure ihauteriei buruzko ikastaroa non eta nola  atera den ikusi nahi izango balu sartu dedila www.dantzan.com helbidean eta bertan ikusi daitezke ikastaroko argazkiak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina