2011-03-23

L.I.A. SAHARAR HERRIARI ELKARTASUNA

1975ean, Hassan II.a Marokoko erregeak aginduta, 350.000 lagun joan ziren Espainiaren menpe zegoen Mendebaldeko Saharara. Martxa berdea izena jarri zioten ekimenari.
1976an Marokok okupatu egin zuen Mendebaldeko Sahara, Espainiak berau utzi ostean. Aljeriaren eta Marokoren arteko borrokak izan ziren han eta, azkenean, Marokoren eta Mauritaniaren kontrolpean geratu zen lurraldea. Fronte Polisarioa 1973an sortu zen eta Mendebaldeko Sahara estatu independente bihur dadin aldarrikatzen du. Marokok saharar herriaren aurka ilegalki okupaturiko lurraldetan eragin duen  bortxaketen historia luzea gailurrik odoltsuenera heldu zen iazko urtean.
2010eko urriaren lehenengo astean, adin guztietako sahararrak Gdeim Izik eremuan, El Aaiun (Mendebaldeko Sahara) hiri okupatutik 18 kilometrotara, modu baketsuan biltzen hasi ziren bertan jaimak ezarriaz. Beraien helburua protesta egitea zen lan, etxebizitza eta edozein zerbitzu izateko duten eskubide gabezia, jasaten duten bazterketa eta arrazismoa salatuz. Marokoren okupazio politikak saharar herriaren muturreko pobrezia eragin du eta etengabeko errepresioak manifestatzeko aukera galarazi. Protesta kanpaleku baketsu hau 20.000 herritar izatera iritsi zen eta 2010ko azaroaren 8an eraitsia izan zen Marokoko armadak eta beste indar politiko batzuek gauzaturiko eraso bortitzaren ondorioz.
2010eko abuztuan leku berean eta helburu berarekin 60 jaima inguru elkartu ziren. Gobernu marokoarrarekin hitzarmen batera iritsi eta manifestariek jaimak erretiratu egin zituzten baina adostua inoiz ez zen gauzatu eta honek eragin zuen Gdeim Izik kanpalekuko protesta baketsu masiboa.
Protesta edo duintasun kanpaleku ere deitua izan zenera azaroaren 9an iritsi ziren lehen sahararrak eta egunetik egunera handituz joan zen seguritate marokoarrak hainbat oztopo jarri arren. Horrela, astebete baino gutxiagoan 600 jaima eta 5000 bizilagun konta zitezkeen. Marokoko armadak kanpalekurako sarrerak itxi zituen helikoptero bidez eremua gainetik igarotzen zuten bitartean, baita gauez ere, argiak itzalita bertakoak izutuz. Zenbait saharar auto partikularretan kanpalekuan sartzen saiatu ziren elikagaiak, ura eta sendagaiak eramateko baina jarraituak izan ziren zuten guztia kendu eta giza hondamendia bultzatuz.
Polizia kontrolak ugarituz zihoazen eta hurrengo egunetan, kanpalekura inguratzen ziren sahararrak atxilotuak eta erregistratuak izan ziren. Gero eta handiagoa zen eremuko ur gabezia eta honen kutsadura gaixotasunak eragiten hasi zen. Guzti hau zela eta marokoar gobernadoreekin elkarrizketak hasiak ziren baina egoerak eztanda egin zuen urriaren 24an Marokoko armadak kanpalekura sartu nahi zuen talde baten aurka tiro egin eta 14 urteko saharar gaztearen heriotza eragin zuenean beste zenbait zaurituren artean.
Hurrengo egunean ere dozenaka zauritu izan ziren ordurako 20.000 saharar biltzen zituen protesta eremura inguratutakoen kontra oso gogor oldartu ondoren. Modu berean, autoz inguratzen zirenak ere jarraituak, tirokatuak eta zenbait kasutan atxilotuak izan ziren. Tartean autotik jaitsiarazi eta harri edo makilekin jipoitua izan zenik ere bazen.
Urriaren amaieran, kanpalekuko bitartekaritza batzordeak zenbait eskari egin zituen. Hauen artean, errepresio taldeen erretiratzea, El Aaiun hirian setiatuta zeuden kazetariei kanpalekurako sarrera baimentzea, laguntza eman nahi zieten atzerri ordezkariei ezarritako gaitzespenarekin amaitzea eta iritzi publikoan zabaltzen ari ziren estrategia manipulatzaileari bukaera ematea.
Azaroaren 7an kanpalekura sartzekotan ziren sahararrak beste behin jipoituak izan ziren. Giroa oso bero zegoen eta manifestazio ugari gauzatu ziren egun hartan bai kanpalekuan eta baita El Aaiun hirian ere, azken honetan polizia tartean sartu zen gertaera odoltsuak eraginez.
Hurrengo egunean, azaroaren 8a, eguna argitu baino ordu batzuk lehenago Gdeim Izik kanpalekua gogorki erasotua izan zen Marokoko armada eta indar polizial guztien bidez. Negar eragiteko gasa eta ur beroa jaurti zituzten airetik. Armarik gabeko jendetzaren aurka tiroketak gauzatu ziren eta aurrez aurre borrokatu. Gizon, emakume eta haurrak torturatu zituzten eta jaimak erre beraien ondasunekin batera. Kanpalekuaren zati bat sutan jarri zuten eta milaka pertsona oinez El Aaiun hirirantz bideratuarazi. Segituan hasi ziren eraso bortitz honen aurkako protestak El Aaiun hiriko kale guztietan baina armadak tiroekin eta gomazko jaurtigaiekin erantzun zuen. Asko izan ziren zaurituak.
 Hurrengo egunean ere muturreko biolentziaz erasotu zituzten sahararrak manifestazioak gauzatzen ziren bitartean. Baita kolonoak auzoetan banatu, etxebizitzak hustu eta “Gora Erregea ohiukatuarazi ere.
Administrazio marokoarrak ofizialki argitaraturiko komunikatuaren arabera ehunka ziren saharar jarraituak eta egoera honetan 3 hiritarren gorpuak ibaian azaldu ziren indar zantzu handiekin.Zauritu asko etxean gorde ziren eta 120 preso berriek tortura eta tratu txar gogorrak jasan zituzten gau eta egun.
Zoritxarrez, modu apalagoan edo gogorragoan, nahi baino gehiagotan errepikatzen dira antzeko ekintzak zapaltzaileak bai Saharan, bai munduan zehar eta bai Euskal Herrian.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina