2013-03-05

SARRERA


Urteren batean lehenago izan badira ere,  nahiko goiztiar datoz aurten Ihauteriak. 2013. urte honetan urtarrilaren 26-an hasi eta otsailaren lehenengo asteburuan ospatuko ditugu Lizartzan. Ihauteriak; negu beltzeko jai alaiak, kolorez beterikoak, dantzak, mozorroak, musika doinuak, jan-edana ugari...   

Hogeigarren aldiz! Bai, bai!, 1994. urtean berreskuratu genituenetik hogeigarren aldiz ospatzera goaz Ihauteriak! Hasierako ilusioa mantendu nahian, oztopoei aurre eginaz laguntza ugari izan dugu urte guzti hauetan. Bakoitzak bere neurrian emandako laguntza, modu batean edo bestean festaren partaide izatea laguntza baita. Eta horri esker lortu da hainbeste urtez jarraian Ihauteriak ospatzea.

Tartean laguntzaile bat baino gehiago agurtzea ere tokatu zaigu. Bizilegea. Eta hogeigarren Ihauterien antolakuntzari ekin diogunean hutsune galantarekin topo egin dugu; Otsolar dantza taldeko lehendakaria, ohorezko kapitaina, Lizartzako Ihauterien artzaina… Nahiz eta hutsuneak betetzen saiatu garen, seguru gaude hutsune gehiago agertuko direla, bai baitakigu gu jabetu gabeko zereginak, isil isilik inor konturatu gabe Ihauterien artzainak egiten zituen horiek, aurten agerian geratuko direla.

Ihauterien berreskuratze lanetan giltza izan zen gure ohorezko kapitaina. Baina ez zuen ulertzen dantzarik gabeko Ihauteririk, benetan maite zituenak dantzak baitziren. Eta hori ez zuen hitzez esan beharrik izaten, bere jardunean, bere begiradan, bere eztarriko Bruuuu! berezian antzematen zitzaion. Bere gurasoengandik ikasitako dantzak azkeneko momenturaino ondorengoei erakusten saiatu zen. Pazientziaz, patxadaz, momentu oro gozatuz.

Hemendik aurrerakoa denon erronka da beraz! Eskertu dezagun gure Ihauterien artzaina, ohorezko kapitaina,  Ihauteriak ospatuz eta Ihauteri dantzak dantzatuz! Gora beti gure Ihauteriak!!    

2012AN GURE ARTERA ETORRITAKOAK

Paula Morales Aguirre_Apirilak 8
 
 Inge Soroa Moure_Uztailak 20

Lide Arteaga Lopetegi_Uztailak 26

Aritz Ardibide Barriola_Abuztuak 9

Adei Olariaga Castillo_Abuztuak 21

Paule Ferrero Zazpe_Urriak 22

2012AN GURE ARTETIK JOANDAKOAK


-          PAULA ZINKUNEGI AGIRREZABALA  ( 84  urte )

 

-          MARIA GARMENDIA GARMENDIA    (87 urte)

 

-          FERNANDO IBARGUREN ESNAOLA    (59 urte )

 

-          FRANCISCA AZURMENDI JAUREGI     (95 urte)

 

-          IÑAKI ZUBELDIA AIERBE     ( 76 urte)

 

-          JOSE ANTONIO GARAIKOETXEA ORAINDI    (82 urte)

 

ERROMERIA GUREAN


 

            Festa usaiak gehienok poztu eta aztoratzen gaitu. Herriko edo auzoherriko jaiak direla eta giro berezia topatzeko pozik joaten gara gaur egun ere. Zaindari jaiak eta Ihauteriak izaten ditugu gurean ospakizun nagusienak. Festetako giroa asko aldatu da  azken urteotan. Gazteek gauezko pesta aukeratzen dute gehienek, helduak eta  haurrak egunez, beraz badirudi bakoitzak bere txanda duela festan, batzuen orduak ez dira egokiak besteentzat eta antolatzaileak ere txanda bakoitzari dagokiona antolatu beharrean gertatzen dira.

            Duela urte batzuk ez zegoen  honelako aukerarik,  pesta denentzat ordu berdinean amaitzen baitzen, beraz soinua hasitakoan berehala  probetxatu behar, bestela gustuko neska edo mutila beste norbaitek  aukeratuko zuen  etxera laguntzeko. Garaiak asko aldatu dira : txistue eta ttunttune, edo esku soinue entzun ezkero dantzan  hasteko amorratzen egotetik pixkanaka dantza  egiteari utziaz,   edatea eta taberna zuloetako epeltasunean geratuz, aldatzen  joan gara ohiturak. Plazetan musika   behar duela dirudi pesta giroa somatzeko, baina pestazaleak plazatik urrunduta sentitzen dira gustuago, nola ulertzen da hau?

 

            Ondorioz gure plazak ustutzen joan dira, dantza egiten ez dugu asmatzen, lotsatu egiten gara, irrigarri geratzeko  beldur gara, alkolaren eraginez hasiko dira batzuk dantzan.

 

            Dantza egitea baino gauza dibertigarri eta sanoagorik ba al dago ba? Behin hasi eta gero asko gustatzen zaigu eta gustuko lagunarekin gehio, baino lehenengo pausoa ea beste batek ematen duen zain egoten gara eta .horrela plaza hutsik.

 

            Hau dela eta Otsolar  dantzari taldeak datorren udaberrian erromeri giroan pasatzeko egun bat antolatuko du, dantzariak eta dantza erakustaldiak egongo dira, danontzako bazkaria eta dantza libre eta lotua ere egiteko aukera, kalejirak, ikastaroak eta parranda pixka bat egiteko aukera paregabea eta aimaritan neska laguntzeko baimena ere bai.

 

            Animatzen joan heldu eta gazteok erromeri giro  ahaztezina pasatzeko.

Eguna zehaztuko dugu.

ESKOLAKO HAURRAK


Ihauterien jatorriari buruz iritzi asko daude: Udaberria ren hasierarekin lotzen dute batzuek, beste batzuen iritziz, antzinako erromatarren Isis jainkosaren omenez egiten zuten. Beste batzuen ustez, Currus Navalis izeneko desfiletik dator eta eliza katolikoaren eta eliza otodoxoaren tradiziotik datorrela ere uste dute beste batzuk, baina iritzi gehiago ere badaude. Hasieran, ihauterietan zarata egiteko baimena zeukaten, baina kristautasunari, ez zitzaion gustatzen eta arauak ezarri zituzten honi buruz.

Munduko hainbat lekutan ihauteriak ospatzen dira:


Veneziako ihauteriak

       Veneziako ihauterietan jende askok  hartzen du parte. Lehenengo aldiz 1268an ospatu ziren. Veneziako ihauteriak ezaugarri berezi bat dute: denek maskara eramaten dute. Bakoitzak bere diseinua asmatzen du eta urte guztia mozorroak prestatzen pasa ondoren, kalera irteten dira.

        Pertsonaia berezi batzuk ere ba daude: El Medico dea Peste, Arlecchino, Brighella, Pantalone...

Brasilgo ihauteriak


        Brasilgo ihauteriak hasiera batean pertsona xumeek ospatzen zituzten. Baina, urteak igaro ahala akademia bat sortu zuten. Akademia edo taldeak eratuz joan dira ondoren beraien artean lehiatzeko. Egun, munduko ihauteri ospetsuenetarikoak dira. Mugimendu handia dute, kolore bizi-biziak eta karroza izugarriak. Dantzarien jantziak luma asko dituzte, gorputza margotzen dute eta normalean  emakumeak ateratzen dira dantzatzera.

 
       INAUTERIAK ESLOVENIAN
 
Eslovenian,  hiru inauteri mota egiten dira eta Urteberri ondorengo igandetik hasi eta Errauts  egunerarte luzatzen dira.
 
Ptuj inauteria,   Kurentovanje izenez ezagutzen da eta  herrialdeko inauteri zaharrenetakoa da. Mozorro esanguratsuena deabruarena da, ardi ilez eginda dago mozorroa  eta atzean bi zintzarri handi daramatza.
                                                   
Cerknika izeneko inauterian, Ptuj ekoan antzekoa, sorginez mozorrotzen dira eta dantza egiten dute. Pertsonai nagusia sorgin erraldoi bat da.
 
Eslovenian egiten den beste inauteriak, Laufaria izena du eta bertako  mozorrorik esanguratsuena Aleman Daufen da. Urteberri  ondorengo igandetik hasi eta binaka  hogeitabost pertsoneko taldea osatu arte festan ibiltzen dira. Pertsonai desberdinak dira, eta zurezko maskarak eramaten dituzte.
 
Esloveniako hiru inauteri hauek dira famatuenak oso antzinakoak direlako.
 
 
VENEZUELAKO IHAUTERIAK                                       
 
            Venezuelako ihauteririk garrantzitsuena Puerto Cabellokoa da. 1875ean hasi eta gaur egun oraindik mantentzen diren festak dira.
Papertxo bonbak, karameloak, ura botatzeko tresnak, mozorroak, dantzak eta konpartsak dira  bertako elementu garrantzitsuak.
                                                 
            Festa hauek ez dute egun segururik, urtarrila bukaeran edo martxoa hasieran ospatzen dira. Urtearen zehar eta garai desberdinetan, desfileak eta festa ugari egiten da kalean.
Ihauteri festa grekoen garaitik ospatzen den festa bat da.
 
TXINAKO INAUTERIAK
 
Kondairak dioenez,Hanwu Donsfsho enperadoreak, Yuanxio Dama inperialaren familia aurkitu eta gurasoak ikusteko antolatu zuen festan dute sorrera.
 
Su artifizialek, loreek, irinez eta arrozez egindako albóndiga eta goxokiak… milaka biztanle erakarri zituen festara garai hartan eta ospakizun hori urtero egitea erabaki zuen enperadoreak.
 
Gau honetan zehar, milaka koloretako eta forma askotako lanparak jartzen dituzte herrian. Lehoiaren dantza ere dantzatzen dute.
 Familian irina eta arrozez egindako jakiak jaten dituzte ,eta  beste hainbat txinatar jaki ereHiriko kapitalean 50.000 mila farol jartzen dira eta gazteek lagun berriak egiteko arpobetxatzen dute.
 Orain ere jakiak berdinak jaten dira farolen azpian eta lehoiaren dantza ikusten dute.
 

EZAGUTU BEHARREKO HISTORIA


Manolo Ibarguren  Bolinaga, Lizatzatarrontzako  Manolo haundia, aurki 84 urte beteko  dituen, gizon lerden eta langilea, bezain, umil eta gozoa; akordeoilari trebe eta humoretsua; soinua jotzeko beti prest  dagona, nola dantzan egiteko, entzuteko, eta abesteko, eta, gainera, Lizartzako parrokiko egungo organojole denak, badu, bere urte luze hauetako bizipenen artean, BAT,  guztiz berezia, larria , gogorra, eta benetan beldurgarria, eta lizartzatar guztiok, ezagutu  eta ezagutzera ematera behartzen gaituena,

eta, hori da hain zuzen, orain, zenbait xeetasunekin kontatuko diguna, eta guk, gure aldetik, gogo biziz eskertuz, laburki azaltzen saiatuko gerana.

 

G.-  Nortsuk eta nongoak ziren zure gurasoak ?

 

E.-   Emeterio  Ibarguren  zen atte, eta,  Martzelina Bolinaga ama. Biak Antzuolatarrak, eta,  antzuolatarrak izanik, ezkonduta ere, hasieran, bertan jarri ziran bizitzen.  Gero, Legazpira, eta, ondoren  Lizartzara etorri ziran.  Bost seme alaba izan zituzten, edo senide  ginen, lau mutil eta neska bat. Ni hirugarrena naiz, erdikoa, bizi naizen bakarra, eta  Legazpin jaiotakoa.

 

G.-  Ze arrazoi nagusi izan zuten, Legazpitik Lizartzara etortzeko ?

 

E.-    Gure atte, elektrikaria edo elektrizista zen, lanbidez edo ofizioz. Patrizio

Etxeberria deritzaion lantegira joan zelako, aldatu omen ziran herriz, hau da,  Antzuolatik, Legazpira.  Lizartzara aldiz, Iturralde etxearen ondean, argi indarra egiteko dagoen zentralera etorri zen, bertako nagusia zen  ELKORO, lagunak, horrela eskatu ziolako, eta seguroenik, lan baldintza eta lan saria, nahiko onak eskeini zizkiolako. Bestela,  ez da oso ondo ulertzen, Legazpitik Lizartzarako etorrera.

 

G.-   Noiz eta non jarri zinaten bizitzen ?

 

E.-     Lau urte nituela  etorri omen nintzen, edo ekarri omen ninduten Lizartzara, hau da 1.933 garren urtean, eta Garro etxean bizitzen jarri.

 

G.-     Nola oroitzen zara edo gogoratzen dezu, atte fusilatzera atera zuteneko momentua

 

E.-      Nik zazpi urte nituen gerra hasi zenean.  1.936  ko Uztailaren 25 an, hau da Santiago egunean sartu ziran , napar erreketeak Lizartzan.  Handik egun gutxitara, hiru edo lau egunera, gaueko 12H00 tan  joan ziran , atteren bila etxera.  Kas, kas, kas, ate joka norbait.  Amak atea ireki, eta GUARDIA ZIBIL ARMATUAK  aurrez aurre : Emeterio Ibarguren  hemen bizi al da galdezka.  Amak bai.  Gurekin etorri behar du, beren  erantzun bakarra. Alperrik zan arrazoiak eskatzea 

 

G.-  Zer egin zuten gero  ?.

 

E.-    Alpargatak txinalka zituela, eta ohiatik jeikitako erropakin eraman zuten atte. Ama karraxika:  Emeterio, Emeterio, Emeterio oihukatuz.  Gau iluna zen. Etxetik. garrotik atera eta, Nafarroa aldera joateko agindu zioten. Atte Emeterio, aurretik bakarrik, guardia zibil armadunak  atzetik zituela.  Orexako bidegurutzera irixtean, Insalus aldera Nafarroa aldera  alegia, jarraitzeko  agindu omen zioten. Beti karreteraz noski.  Errota etxea pasa eta,Bittorine etxe ondotik abiatuta, Narbaitzura dijoan bidearen  erdi parera iritxi zenean, tiroka ekin omen zioten, han gordeta zeuden guardia zibilek.  Nahiz eta zauri  larriak jaso, erio hartan, ihes egitea lortu zuen, bere burua errekara boteaz.  Gaua  oso iluna izanik, errekan gora, nolabait, Insalusko baserriraino, ( egun desagertua entrepresa hazitzeko )  iristea lortu zuen,  eta garai hartako etxejabeek, Soroa  eta

Iturriotz, egun, Lizartzan, lehenengo eta bigarrengo apelidoa  Soroa dutenen, atte-ama edo eta, atton-amonak, dana arriskatuz,  lagundu zioten gordetzen, eta, zauriak sendatzen. Guardia zibilak, eginalak egin arren, etzuten aurkitzea lortu

 

G.-  Nola edo nork sendatu zuen zauri larri haietatik.?

 

E.-   Arazo oso larrria izan zen, bai. Zauriak sendatu beharrrari, ixilka eta gordeka ibili beharra gehitzen zitzaizkiolako. Egoerak, sendagilea konfiantzakoa izatea eskatzen zuen.  Herriko sendagilea, Celestino Goikoetxea, nahiz eta gerra hasi zutenak, nahiko begionez ikusi,  zintzo jokatu zuen, eta bere profesioari zegokion mailako  laguntza eman zuen, egoera latz eta larri hartatik ondo ateratzeko .  Horrela salbatu zen gure atte.

 

G.-    Ze arrazoi  egon zitekeen, edo, eduki zezaketeen, zuen attekin horrela jokatzeko.?

 

E.-    Garai hartan eta geroago ere bai, seguroenik  hiru edo lau teléfono bakarrik egongo ziran Lizartza guztian.  Alondegin bat, publikoa, herri guztiaren serbitzurako, eta, han bizi ziren Olanotarrak zuten, deiak hartu, abixoak etxe eta baserrietara pasa, deia egin behar zutenei linea jarri, etabar, etabar, egiteko ardura, eta gure attek lana egiten zuen lekuan, zentralean alegia bestea, eta Insalusen  hirugarrena, eta Karobin  beharbada laugarrena.

Dirudienez, zentraletik  teléfonoz hitzegiten zuela eta,  ixpiitzaz, espioitzaz alegia hartu, eta besterik gabe ,  fusilatzera eraman zuten.  Mundu guztia beldurtzeko erabiltzen zuten jokabide maltzur, gaizto eta izugarria.

 

 

Hauxe da beraz, beste milaka eta milakan artean,  36 ko gerra deritzen zaionean, Lizartzan gertatutako  pasarterik gogorrena, behartuta eramanaz, frentean edo eta han harrapatutako gaixotasunen ondorioz, hildakoekin batera, eta Lizartzatarrok oso, oso gutxi  ezagutzen ditugunak.  

 

KIROLAK_HAURREN FUTBITO TALDEA


1.      Nolatan okurritu zitzaizuen futbito taldea sortzea?

ALBERTO: Herri txikietako kontua da. Ikaztegietatik atera zen ideia, haurrek pilotaz gain beste kirolen bat egiteko. Honela, Ikaztegieta (Ion), Orexa (ni), Lizartza (Mikel), Abaltzisketa eta Berastegi elkartu ginen bi helburu garbirekin: gure umeek elkarrekin jolastea eta talde mixtoak egitea berdintasuna bultzatzeko. Aurten Leaburu elkartu zaigu eta Berastegik ez du parte hartu.

2.      Noiz sortu zenuten?

Iazko ikasturtean.

3.      Ze izen dute taldeek?

Oraingoz Lizartza-Orexa A eta B. Gure proposamena, jokalariek bi herrien izena osatzen duten hizkiekin beste izen bat asmatzea da. Edonola, azken erabakia beraien esku uzten dugu.

4.      Lizartzan pelota ez den beste kirol bat egiteko aukera edukitzea ona da haurrentzat ezta?

ALBERTO: Noski baietz. Eta gehiago egiteko aukera balego hobe: eskubaloia, saskibaloia…

AITOR: Herri txikiak garela kontuan izanda, bertan kirol desberdinak probatzeko aukera izatea eta eskeintzea denontzat da ona, baita gurasoentzat ere.

5.      Haur asko apuntatu dira eta bi talde dituzue. Zein da horren sekretua?

ALB: Bi ez, hiru talde ditugu. Bi alebin mailako eta benjamín mailakoa bestea. Azken hauei guk jarri diegu izena: LIZTORRAK, hizki jokoa praktikatuz. Eta sekretua umeengan dagoela uste dut, beraien nahia delako.

AIT: Bolada kontua ere izan daiteke. Egun, adin beretsuko neska mutil kopuru polita dugu eta horrek gauzak errazten ditu. Kuadrillaren barnean ateratzen da ideia eta bata bestearen babesean… aurrera!

  1. Neskak ere bai. Hori berri  pozgarria da ezta?

ALB: Gaur egun normaltzat hartu behar dugu, ezta? Realean eta Athleticen ere badituzte goi mailako taldeak oinarritik egiten den lanari esker.

AIT: Maila hauetan neskak mutilen pare ibil daitezkeela sinisten dugulako egin dira talde mixtoak. Gainera, gure gaztetxoen heziketarako experientzia positiboa eta aberatsa izatea nahiko genuke.

  1. Ba al duzue zuek esperientziarik entrenatzaile edo jokalari moduan?

ALB: Entrenatzaile titulua Bartzelonan atera nuen, Orexako Guardiola zerbaitegatik deitzen didate! Jokalari garaian “defensa-estorbo” postuan primeran moldatzen nintzen. Entrenatzaile gisa, hau da nire lehenengo taldea; aurtengo udan Gaztelu Cityko jekeak fitxatu nahi ninduen baina uko egin nion eta hemen jarraitzea espero dut.

AIT: Nik lehenengo urtea dut entrenatzaile moduan eta jadanik jarraitzaileek Mourinho deitzen didate, zergatik ote? Mahai gainean Pagozelaiko Spartaken eskaintza eta Lizartza-Orexako proiektua nituen. Bistan da etxeko giroa  hobetsi dudala Gorritiko petrodolarren aurrean. Jokalari moduan ibilbide laburra izan nuen, “pakete” xamarra nintzen eta taldea osatzeko edo bultoa egiteko aproposa nintzela uste dut.

  1. Astean zenbat aldiz entrenatzen duzue?

Astean behin. Astearteetan ordu eta erdi.

  1. Entrenatzaile gogorrak al zarete? Garrasi asko ateratzen duten horietakoak?

ALB: Erantzuna hire esku, Aitor!!

AIT: Jokalariei galdetu behar! Orokorrean oso ondo portatzen dira eta ez dago oihuka ibili beharrik. Etxe guztietan bezala izaten dira tentsio uneak, baina norberak badaki zein den bere eginkizuna taldean eta  gure artean giro polita lortzen ari garela uste dut. Dena den, Gabonetan Valdebebasen ikastaro batean egon gara, Real Madrileko instalazioak eta entrenatzeko metodo berriak ikasten gure taldera egokitzeko.

  1. Ze txapelketa ari zarete jokatzen?

Guk antolatutako Herri Txikietako Areto Futbol Txapelketa.

  1. Zer moduzko emaitzak ari zarete lortzen? Txapelketa irabazteko esperantzarik bai?

ALB: Emaitza nahiko onak ari gara lortzen, baina helburua ez da txapelketa irabaztea. Kirola beste ikuspegi batetik ulertzea nahi dugu. Irabazle eta galtzailerik gabeko denbora-pasa izan behar duela, alegia.

AIT: Parte hartzea, talde lana eta elkartasuna bezalako baloreak bultzatu eta indartu nahi ditugu umeen artean. Gurasoei ere azaldu diegu gure egitasmoa eta guztiok argi dugu partiduak edo txapelketa irabaztea bigarren mailan gelditzen dela. (Beno, umeek beharbada oraindik ez!!).

  1. Badakit batzuetan Orexan eta besteetan Lizartzan jokatzen dituzuela partiduak. Ze egunetan jokatzen dituzue?

ALB: Normalean larunbatetan, arratsaldeko bostetan. Etxeko partiduak herriak txandatuz jokatzen ditugu, bat Lizartzan eta hurrengoa Orexan.

 

  1. Herritarrik joaten al da partiduak ikustera?

ALB: Gurasoak behintzat bai, eta hemendik aurrera jende gehiago etortzea espero dugu. Polita da herritarren animoak jasotzea eta oraindik hurbildu ez zaretenoi gonbidapena luzatzen dizuegu gure artean ondo pasatzeko.

AIT: Iaz ikusi ahal izan nituen partiduetan ikusle dexente biltzen ziren. Aurten, lehenengo jardunaldian Lizartzako frontoian sekulako giroa sortu zen Abaltzisketa eta Leaburuko lagunen bisitarekin. Beste herrietan ere antzeko giroa sumatzen da. Futbola ez gustatu arren, umeen ilusioa eta ahalegina ikusteagatik bakarrik, merezi du frontoira azaltzea. Beraz, etorri eta ANIMATU gure taldeak.

  1. Orexa eta Lizartza bat eginda. Hau ezingo zen imajinatu orain dela urte batzuk ezta?jeje

ALB: Txandapasa!!!Ni Arrasatekoa nauk, hemen autoktonoa hi haiz!!!

AIT: Autoktonoa eta Orexako arrasatearra, Lizartzako tolosarra, Tolosako lizartzarra, han jaioa, hemen bizi dena…gai hori beste baterako utziko diagu ez? Hariari helduta, auzoko herrien arteko ezinikusiak edo pikeak kontu zaharrak iruditzen zaizkit, inora ez daramaten eztabaida antzuak. Gure kasuan berdin, saltsa apur bat ondo dago eta elkar zirikatzea ere bai, baina gauzak muturrera eraman gabe. Azken urte hauetan Lizartzako eskolako ikasleen laurdena orexarrek osatzen dutela kontuan hartuta etorkizunean zailagoa izango da bereizketak egitea. Gainera, ezinezkorik ez dagoela azaltzen duen adibidea aurrean duzue: Pep eta Mou talde berean elkartuta!!! Orexa eta Lizartza zergatik ez???

Gora LIZARTZA-OREXA AFT!!! Gora IHAUTERIAK!!!
Lizartza-Orexa A
 
Lizartza-Orexa B
 
Liztorrak
 
Entrenatzaileak

HERRIRA


Kaixo

 

Herriko presoei buruz hitzegiteko aukera probestuz,  saiatuko gara beraien egoeraren berri ematen, jendeartean kontzientziak astindu  eta egunerokoan borrokan jarraitu dezagun azken preso politikoa kaleratu arte. Hau gertatzen denean bakegintzan eta demokrazian aurrerapauso handiak emango baitira.

 

         Euskal Herriko historian zehar, herria defendatzeagatik Euskal  preso politiko asko izan dira. Gaur egun 50 urtetako talkaren ondorioz , 600 preso ditugu  bahiturik Espania eta Frantziako gobernuen esku.

Bahiturik? bai bahiturik, bestela  ulertezina da hauek eta beraien senide zein  lagunek jasaten dugun  gain zigorra.

 

         Epaiketak ez dira batere zilegiak; tortura kasuak milaka dira, poliziaren testigantzarekin bakarrik nahikoa izaten dute, Europan gehien egon den presoa 26 urte egin ditu kartzelan, Estatu Espainiarrean  berriz 40 urtetara zabaldu dituzte kartzelako egonaldiak.

Honetarako legeak aldatuz eta “197/98 doktrina” asmatuz.Kalera atera behar duten presoei ,egunean bertan, ateratzeko orduan bertan, jakinarazten zaie, beste 10,11, 15 urte bete beharko dituztela,Krudela benetan.

 

Dispertsioa, bada 20 urte martxan jarri zutela, presoekin akabatzeko asmoz, bai pertsona zein kolektibo moduan; presoak hurrunduaz  etxetik, herritik, lagunartetik, bata bestarengatik , askotan beste gizakietatik at ere egon behar izan dute hilabete luzeak. Erotzeko modukoa.

Ruleta rusan jokatu behar  izaten dugu senideok eta lagunok, gure maiteak bisitatzera joateko,bataz beste 600 kilometrotara haurkitzen baitira. Aurten 2012an 13 auto istripu izan dira 40 zauritu izanik , horietako batean gure bizilagunak diren 3 Zizurkildarrak.Ama egoera oso larrian egon zen eta seme-alabak hospitalizatuak izan ziren. 

 

Gastu ekonomikoa? Lizartzan gure herriko Presoak diren Peio, Garikoitz, eta Aitor ikustera joateko 900 euro gastatzen ditugu asteburuero. Hau da hau poltsiko hustutzea.

 

Gure presoen inguruan berriz;Garikoitz  Sevillako Moron de la fronteran dago , eta bertan aislamentuko moduloetan daude bertan hiru preso daude egun osoa zeldan eta patioa ( 10mx4m) 4 orduz hiru kideekin, ez du inor gehiago ikusten.

 

Aitor modulo arrunt batean dago , ezin du bertako tailerrean eta liburutegian parte hartu baina jende gehiagorekin badago behintzat. Ikasteko goga du baina oztopoak jartzen dizkiote. Kirola oso lasai egiten du zeren medikuak artatzea oso zaila daukate.

 

Pellok 3 urte daramatza preso.Jaengo expetxean egon ondoren,orain dela 8 hilabete murtzia 2 kartzelara trasladatu zuten.Lizartzatik murtziara 800 km daude,astero astero lagunak eta senideak egiten ditugunak 45 Minutuko bisita izateko.Guzti honek dakarren arriskua eta gastua izugarria izanik.murtzia 2 expetxean 11 Preso politiko daude.PEllo bere moduloan beste birekin dagi.goizez 4 Orduz ateratzen dira patiora eta arratsaldean patiora ez bada ere 2 Orduz ziegatik ateratzen dute.eguneko beste ordu guztiak ziega barruan egoten da bakar bakarrik telebista eta egunkariak lagun dituela.bera indartsu eta animo askorekin dago.

 

Pello, Aitor ,Gari,Joseba ... MAITE ZAITUZTEGU

 

         2013ko ihauteri mundialak opa dizkizuegu, gure senide eta lagunek nahiko luketen moduan ahalik eta ongien pasatu Lizartzako ihauteriak!!!!

 

                                        

                                            Lizartzako Herrira.   

KANTU KANTARI


Garai batean,eta, ez dira urte asko preziso,etzen , lagunarteko otordurik, ez behintzat, afaririk, kantuan edo kantatzen saio bat egin gabe, bukatzen zenik.  Etzen, leku, herri edo, eremu jakin batera , mugatutako ohitura,  Euskalherriko herri gehienetan, oso zabaldua zena baizik.

 

Gizarteak, berezko, eta, berarekin dituen zikloen eraginez,  ohitura horretan, aldaketa sakon eta nabarmena egon dala, uka ezinekoa da.  Gaur egun, etzaio inori, burutik pasa ere egiten, ezta, taldetxo bat izanik ere, jatetxe bateko jangela batean, edo eta, elkarte batean ere, ( salbuespeneko giro batean izan ezik )  kantatzen hastea. Agian, “ ZORIONAK “  edo horrelako zerbait dago onartuta, baina, hori bakarrik.

 

Baina, baita ere, gizakiak, berezkoa du,  bere barruan  dagoen zerbait da,  bere iraganari,

pasatakoari, begiratzeko joera eta grina.  Gazte aroko oroitzapenak, adibidez,  onak badira behintzat, ( txarrak berehala uxatzen  saiatzen gera )  giro hartara itzultzeko, bueltatzeko, barrenean sortzen den nahaia eta irrikia, guztiz atsegina surtatzen da.

 

Zentzu horretan, badirudi, azken bolada honetan,  iraganeko haizearen igurtzi hura, amesten, eta gehiago, errealitate bihurtu nahaian  dabilen, jende dexente dagola.  Herri askotan ari dira, taldetako kantuaren espiritua berreskuratu nahaian, kantaldiak, kantu jirak, etabar, etabar  antolatzen.

 

Lizartzan, beti izan da, musika eta kanturako gogoa, joera, eta batzuentzat, sentidurik onenean esan da, grina.  Gehiago, gaur egun ere, Lizartzako musika maila, oso goian dagola lasai esan daiteke, eta askok , inbiri sano bat digutela ere bai, hasi, instrumentujoleetatik, abeslarietaraino, eta maila guztietan gainera.  Ikusi besterik ez dago, Eguberritako umeen emankizuna, Ihauterietan eta Herriko festetan, besteak beste, herriko, musikoak ematen dituzten emanaldiak, edo eta  abesti txapelketetan eta bestelako jaialdietan, ematen duten maila, esandakoa baieztatzeko.

 

Bete beharreko hutsunetxo bat bazegoen ordea, lehen aipatutako, lagunarteko kantu giro hura , berreskuratzea alegia.  Eta,  beste herri askotan bezela, gazte aroko oroitzapen haizeak ikuittuta,  taldetxo bat ari da, beren ametsa betetzen.

 

Hamabostero, hostiralez, iluntzeko 8H30 tan biltzen dira. Eta, lehenik, girotzeko, afari mokadutxo bat,  xumea, baina, goxoa eta moduan.  Ondoren, kantaldia :  Agur jaunak,

Boga  Boga,  Maitia nun zira,  Ikusten dezu goizean,  Nere aitak amari,  Nere maitia

jeiki ta jeiki, etabar, ohiko abestien ensaio saioa eta serioa,  esperientzi haundia eta pazientzi  haundiagoa duen, noinujole baten laguntzarekin.

 

Ateak  irekiak dituzte eta  ez dute Ainhoa Arteta edo Pavaroti izatea eskatzen.  Ezta ere, beren adina edukitzea,  berak duten  gauza bakarra baizik : LAGUNARTEKO KANTURAKO GOGOA,  eta, ahal den neurrian, hobetzen joateko ilusioa.

 

LIZARTZAKO IHAUTERI DANTZAK EUSKAL HERRIKO TXOKOETAN ZABALTZEN


Jakin bagenekien Lizartzako ihauteri dantzak badutela berezko xarma, eta erakargarritasuna. Herrian estimua izan badute, baina, urtero plazan egite horrek, duen balioa galduarazten die dantzei. Horaingo honetan kanpotik gogorarazi digute dantza hauek duten garrantzia eta balioa Euskal Herri mailan. Azaroaren erdialdera telefono dei bat jaso genuen, Oier Araozalak deitu zigun, Oier Dantzan Ikasi elkarteko kidea da, beraien helburua dantza tradizionalen formakuntza ekimena da. Elkarte honek Gipuzkoako hainbat herritako dantzak irakasten lan egiten du, eta lan hau Euskal Herriko herrietan dantza irakasten dabiltzan irakasleei bideratzen die.

 

            Lehen esan dudan bezala Oierren deia jaso genuen, eta azken urte hauetan osatzen ari diren lana aurkeztu ziguten, eta zeregin horren barruan Lizartzako Ihauteri dantzak beraiei erakustea sartzen zuten.

 

            Aurkezpena egin eta gero Otsolarren hitz egin genuen, ideia erakargarria iruditu zitzaigun eta lanari ekin genion. Abenduaren 15ean Tolosako polikiroldegian hitzartu ginen ikastaroa emateko. Bederatzi pertsona gerturatu ziren bertara, Beasaindik, Gasteiztik, Zarauztik, Donostiatik,...Eta Lizartzatik hiru irakasle hasiera batean, baina, gero beste ordezkari batzuk ere agertu ziren, gazte eta heldu.

           

            Saioa hiru orduz luzatu zen, goizeko hamarretatik eguerdiko ordu batera. Denbora honetan guk erakutsi eta beraiek ikasitako dantzak hauek izan ziren: paseoa, lehena, bigarrena, ostiko dantza, pala dantza eta makil dantza. Benetan trebeak ziren eta nabari zen irakasleak zirela, galdera zehatz asko egin zizkiguten. Bide batez, gure ihauterien istorioak eta historia kontatzeko parada izan genuen, noiztik datozen, nola berreskuratu ditugun, zer egiten dugun ihauterietan, nola bizi ditugun, eta dantzarien jantziak ere eraman genituen ikus zitzaten nolakoak ziren. Guzti hau argazkien, bideo eta aldizkarien bidez ere erakutsi genien. Esan behar da ihauterietako CD a ere eman geniela bakoitzari, dakizuenez bertan dantza doinuez aparte ihauterietako kantak daude, badakizue girotzen joateko.

 

            Saio luzea, sakona, interes handikoa eta gure altxorra diren dantzetaz harro egoteko “txute” bat izan zen. Herrian ez ezik kanpokoek ere, dantza hauei beren balioa ematen diotela konturatzeko lagundu n digu.

 

 

            Eta ahaztu gabe, aurtengo ihauterietara gonbidatu genituen, ea beraietako norbait ikusten dugun eta gure ihauteri dantzak gurekin batera dantzatzera ausartzen den.

 

Norbaitek gure ihauteriei buruzko ikastaroa non eta nola  atera den ikusi nahi izango balu sartu dedila www.dantzan.com helbidean eta bertan ikusi daitezke ikastaroko argazkiak.

MUSIKARI GAZTEEI ELKARRIZKETA


Guztiok dakigun bezala,  Garazi eta Amets  Esnaola  ahizpak odolean daramate musikarekiko zaletasuna. Jesus Mari Esnaolaren alabak izanik, txiki-txikitatik izan dute musikarekiko nolabaiteko maitasun eta  lotura. Orain, biek elkarlanean, abesti berri bat sortu dute ("Ezintasunean: sinistu nahi dut") eta abesti horrekin sari eder bat ere eskuratu dute. 2012ko Gipuzkoako kantu txapelketan Sorkuntza originalaren aipamen berezia haiz zuzen ere.
Oraingoan, beraz, beraiei egingo diegu gure aldizkariko elkarrizketetako bat.  Horrela, beraien  ibilbidearen, ideien nahiz gustuen  berri izatera iritsiz.

1.       Zenbat urterekin hasi zineten musikaren munduan zuzenean murgiltzen? Zein instrumenturekin?

Garazi:  aita ofizioz musikaria eta ama musikari afizionatua, nik uste  argi gelditzen dela musikarekin izandako lehen kontaktua txiki-txikiak ginenean izan zela, etxean ez da sekula musikarik falta izan.

Amets:  baina, lau urterekin edo erabaki genuen bakoitzak ikasi nahi zuen instrumentua, Garazik pianoa eta nik gitarra.

2.       Instrumentu bakarra aipatu duzue, baina bat baino gehiagorekin ikusi zaituztegu. Zein da zuentzat bereziena edo  gustukoena?  Zergatik?

Amets: niretzat gitarra da bereziena, txiki-txikitatik ikasi nuenez erosoago sentitzen bainaiz.

Garazi:  pianoa dela instrumenturik bereziena esan nezake, Ametsek aipaturiko arrazoi berarengatik, azken finean, urteek eroso sentitzen laguntzen dizute instrumenturekin eta erosotasunak, gehiago disfrutatzen laguntzen dizu. Hala ere, bakoitzak bere berezitasunak dituela esango nuke eta igarotako momentuek ere berezi egiten dute instrumentu bat. Nik adibidez, kanpoan egon naizen guztietan gitarra gainean eraman dut,  bidaia eta parranda ugari egin ditu nirekin, beraz, nik ezingo nuke bakarra aukeratu.

3.       Zein musika mota entzuten duzue orokorrean? Zein da zuen musika talderik gustukoena?

Amets: ez zait talde konkretuak aipatzea gustatzen, jende desberdinaren abestiak entzuten baititut. Musika estiloari dagokionez, Pop-a da momentuan gehien entzuten dudana

Garazi: fisikoki antz handia dugula diote gehienek, baina musika estiloari dagokionean nahiko desberdinak gara…  Rocka, swinga, jazza edota elektronika kutsua duen musika entzuten dut gehien. Taldeei dagokienean oso zaila egiten zait bat hautatzea baina batzuk aipatzekotan  euskal herrian,  Willis Drummond, Berri Txarrak, Mursego…. Eta hemendik kanpo berriz,  Jack White (amerikarra), Shaka Ponk (frantsesak), Wolfmother (australiarrak)…

 

4.       Garazi, badakigu hainbat talde izan dituzula. Nolatan sortu zenituzten?

               Motz-motzean esanda, nire kasuan behintzat, beti lagun artean eta ondo pasatzeko helburuarekin.

               Lehen taldea “Kantuki” izan zen eta Billabonako dantza taldean musikari lanetan ari ginen 7 lagun eta dantzari baten artean sortu zen. Zenbait afari, bidaia eta parrandaren ondoren sortu zen berbena talde bat sortzeko ideia eta horrelaxe atera zen.

               “Margot”i dagokionean lagun batek  aurretik zuen proiektua zen, nobela beltzeko istorio batzuk zituen idatziak eta honen inguruko abestiak konposatzen hasita zegoen. Orduan, beste batzuekin batera proiektuan parte hartzeko gonbita luzatu zidan eta baiezkoa eman nion.

              

5.       Amets, zuri gustatuko al litzaizuke ahizpa nagusiaren pausuak jarraitzea?

Bai, gustatuko litzaidake etorkizun batean musikarekin zerikusia duen zerbait egiten jarraitzea, talderen batean edo.

 

6.       Nolatan sortu zitzaizuen kantu berri bat sortzearen ideia? Sortzen duzuen  lehenengo kanta al da?

Garazi: ez zen bat-bateko ideia bat izan ezta txapelketarako bereziki egindakoa ere. Ametsek abestia egina zuen liburu batetik hartutako letrarekin eta etxean txapelketara aurkeztea animatu genuen. Baina, lehenengo aldiz eta bakarrik atertzea baino erosoago sentituko zela bikote bezala ateratzen baginen eta  orduan ekin genien abestiaren moldaketei.

Amets: ez, ez da lehenengoa nahiz moldaketa egin diogun bakarra izan den, baditugu aurretik idatziak, Garazik bereak eta nik nireak.

 

7.       Zer egiten zaizue abesti bat asmatzerako garaian zailen, letra edo melodia?

Amets: bioi letra da zailena egiten zaiguna, horrexegatik sarritan poema liburuetatik hartzen ditugu eta musika jartzen diegu.

Garazi: gutxien landu duguna da eta kosta egin zaigu letra onak egitea nahiz eta batzuk egin ditugun.. inoiz ez gara oso konforme gelditzen idatzitakoarekin. Gai egokia aukeratzeaz gain, esan beharrekoa nola esan horrek lan handiak ematen dizkigu.

 

8.       Badakigu txapelketa askotan hartu duzuela  parte, baina orain arteko guztietan  ez zarete elkarrekin aurkeztu. Zenbat txapelketetan hartu duzue parte, laguntzen edo protagonista izaten? Beste saririk lortu al duzue?

Garazi: egia esan ez dut ondo gogoratzen duela sei urte edo izan zen lehengoa eta orduz gero sarritan izan naiz tartean. Baina, gehienetan musikari laguntzaile bezala. Bakar batean aritu nintzen abesten Billabonako taldearekin atera ginen urtean, duela bi urte eta bertan bai, taldekako txapela eskuratu genuen.

Amets: nik aurretik umeen sailean hartu dut parte bai laguntzaile gisa eta baita taldean ere, baina aurtengoa izan da helduenean atera naizen lehen aldia.

 

9.       Zer esango zenieke lotsarengatik nahiz beste arrazoi batengatik txapelketetan aurkezteko zalantzan dagoen edonori?

Amets: lotsak eta beldurrak alde batera uzteko eta animatzeko txapelketan parte hartzera.

Garazi: azken finean, jende berria ezagutzeko aukera bat dela eta jendaurrean aritzeko dauden aukera apur horietako bat denez, aprobetxatu behar dela.

 

10.   Etorkizunean musikatik bizitzea gustatuko al litzaizueke? Posible ikusten al duzue aukera hori?

Biok bat gatoz erantzunean, bai, gustatu bai, baina, errealitatera itzuliz ez dugu gure burua etorkizunean profesional gisara ikusten. Egungo egoera inoiz baino okerragoa omen da bai diskogintzan, bai zuzenekoetan … gutxi batzuk dira hortik bizitzeko aukera dutenak. Baina egia esan, musika ikasten hasi ginenean ere ez zen hori gure helburua.   Musikaz disfrutatu egin dugu, egiten dugu eta horretan jarraitu nahi genuke.

 

11.   Noizbait ohitzen al da taula gainean jardutera? Urduritasun puntu bat beharrezkoa dela iruditzen al zaizue?

Amets: nahiz eta lehen aldia ez izan, beti jartzen zara urduri.

Garazi: nik uste urduritasun horren aurrean duzun jarrera dela aldatzen dena. Hasieran, itxi eta lotu egiten zaitu, ez dizu nahi duzun guztia azaleratzen uzten eta beldur izaten diozu. Baina, pixkanaka, urduritasun horren beharra sentitzen duzu eta disfrutatzen laguntzen dizu: puntuan jarri, dena emateko.

 

12.   Musikaz aparte ba al duzue bestelako zaletasunik?

Amets: argazkilaritza gustatzen zait. Argazkiak atera, ordenagailuz konpondu eta muntaia desberdinak egitea.

Garazi: Niri berriz, amonak esaten duen moduan, etxean ez egotea jaja! Bidaiatzea.  Motxila, bizikleta, gitarra hartu; aitari furgoneta kendu eta edonora ateratzea: hiria, mendia, kostaldea, Euskal Herrira edo kanpora...

 

Orain, musikaren inguruan gehiago dakigula esan dezakegu eta bien elkarlanetik agian etorkizun batean sortuko den diskoaren zain geratuko gara. Honen berri emango diguzuelakoan, ZORTE ON BIOI!