2013-03-05

SARRERA


Urteren batean lehenago izan badira ere,  nahiko goiztiar datoz aurten Ihauteriak. 2013. urte honetan urtarrilaren 26-an hasi eta otsailaren lehenengo asteburuan ospatuko ditugu Lizartzan. Ihauteriak; negu beltzeko jai alaiak, kolorez beterikoak, dantzak, mozorroak, musika doinuak, jan-edana ugari...   

Hogeigarren aldiz! Bai, bai!, 1994. urtean berreskuratu genituenetik hogeigarren aldiz ospatzera goaz Ihauteriak! Hasierako ilusioa mantendu nahian, oztopoei aurre eginaz laguntza ugari izan dugu urte guzti hauetan. Bakoitzak bere neurrian emandako laguntza, modu batean edo bestean festaren partaide izatea laguntza baita. Eta horri esker lortu da hainbeste urtez jarraian Ihauteriak ospatzea.

Tartean laguntzaile bat baino gehiago agurtzea ere tokatu zaigu. Bizilegea. Eta hogeigarren Ihauterien antolakuntzari ekin diogunean hutsune galantarekin topo egin dugu; Otsolar dantza taldeko lehendakaria, ohorezko kapitaina, Lizartzako Ihauterien artzaina… Nahiz eta hutsuneak betetzen saiatu garen, seguru gaude hutsune gehiago agertuko direla, bai baitakigu gu jabetu gabeko zereginak, isil isilik inor konturatu gabe Ihauterien artzainak egiten zituen horiek, aurten agerian geratuko direla.

Ihauterien berreskuratze lanetan giltza izan zen gure ohorezko kapitaina. Baina ez zuen ulertzen dantzarik gabeko Ihauteririk, benetan maite zituenak dantzak baitziren. Eta hori ez zuen hitzez esan beharrik izaten, bere jardunean, bere begiradan, bere eztarriko Bruuuu! berezian antzematen zitzaion. Bere gurasoengandik ikasitako dantzak azkeneko momenturaino ondorengoei erakusten saiatu zen. Pazientziaz, patxadaz, momentu oro gozatuz.

Hemendik aurrerakoa denon erronka da beraz! Eskertu dezagun gure Ihauterien artzaina, ohorezko kapitaina,  Ihauteriak ospatuz eta Ihauteri dantzak dantzatuz! Gora beti gure Ihauteriak!!    

2012AN GURE ARTERA ETORRITAKOAK

Paula Morales Aguirre_Apirilak 8
 
 Inge Soroa Moure_Uztailak 20

Lide Arteaga Lopetegi_Uztailak 26

Aritz Ardibide Barriola_Abuztuak 9

Adei Olariaga Castillo_Abuztuak 21

Paule Ferrero Zazpe_Urriak 22

2012AN GURE ARTETIK JOANDAKOAK


-          PAULA ZINKUNEGI AGIRREZABALA  ( 84  urte )

 

-          MARIA GARMENDIA GARMENDIA    (87 urte)

 

-          FERNANDO IBARGUREN ESNAOLA    (59 urte )

 

-          FRANCISCA AZURMENDI JAUREGI     (95 urte)

 

-          IÑAKI ZUBELDIA AIERBE     ( 76 urte)

 

-          JOSE ANTONIO GARAIKOETXEA ORAINDI    (82 urte)

 

ERROMERIA GUREAN


 

            Festa usaiak gehienok poztu eta aztoratzen gaitu. Herriko edo auzoherriko jaiak direla eta giro berezia topatzeko pozik joaten gara gaur egun ere. Zaindari jaiak eta Ihauteriak izaten ditugu gurean ospakizun nagusienak. Festetako giroa asko aldatu da  azken urteotan. Gazteek gauezko pesta aukeratzen dute gehienek, helduak eta  haurrak egunez, beraz badirudi bakoitzak bere txanda duela festan, batzuen orduak ez dira egokiak besteentzat eta antolatzaileak ere txanda bakoitzari dagokiona antolatu beharrean gertatzen dira.

            Duela urte batzuk ez zegoen  honelako aukerarik,  pesta denentzat ordu berdinean amaitzen baitzen, beraz soinua hasitakoan berehala  probetxatu behar, bestela gustuko neska edo mutila beste norbaitek  aukeratuko zuen  etxera laguntzeko. Garaiak asko aldatu dira : txistue eta ttunttune, edo esku soinue entzun ezkero dantzan  hasteko amorratzen egotetik pixkanaka dantza  egiteari utziaz,   edatea eta taberna zuloetako epeltasunean geratuz, aldatzen  joan gara ohiturak. Plazetan musika   behar duela dirudi pesta giroa somatzeko, baina pestazaleak plazatik urrunduta sentitzen dira gustuago, nola ulertzen da hau?

 

            Ondorioz gure plazak ustutzen joan dira, dantza egiten ez dugu asmatzen, lotsatu egiten gara, irrigarri geratzeko  beldur gara, alkolaren eraginez hasiko dira batzuk dantzan.

 

            Dantza egitea baino gauza dibertigarri eta sanoagorik ba al dago ba? Behin hasi eta gero asko gustatzen zaigu eta gustuko lagunarekin gehio, baino lehenengo pausoa ea beste batek ematen duen zain egoten gara eta .horrela plaza hutsik.

 

            Hau dela eta Otsolar  dantzari taldeak datorren udaberrian erromeri giroan pasatzeko egun bat antolatuko du, dantzariak eta dantza erakustaldiak egongo dira, danontzako bazkaria eta dantza libre eta lotua ere egiteko aukera, kalejirak, ikastaroak eta parranda pixka bat egiteko aukera paregabea eta aimaritan neska laguntzeko baimena ere bai.

 

            Animatzen joan heldu eta gazteok erromeri giro  ahaztezina pasatzeko.

Eguna zehaztuko dugu.

ESKOLAKO HAURRAK


Ihauterien jatorriari buruz iritzi asko daude: Udaberria ren hasierarekin lotzen dute batzuek, beste batzuen iritziz, antzinako erromatarren Isis jainkosaren omenez egiten zuten. Beste batzuen ustez, Currus Navalis izeneko desfiletik dator eta eliza katolikoaren eta eliza otodoxoaren tradiziotik datorrela ere uste dute beste batzuk, baina iritzi gehiago ere badaude. Hasieran, ihauterietan zarata egiteko baimena zeukaten, baina kristautasunari, ez zitzaion gustatzen eta arauak ezarri zituzten honi buruz.

Munduko hainbat lekutan ihauteriak ospatzen dira:


Veneziako ihauteriak

       Veneziako ihauterietan jende askok  hartzen du parte. Lehenengo aldiz 1268an ospatu ziren. Veneziako ihauteriak ezaugarri berezi bat dute: denek maskara eramaten dute. Bakoitzak bere diseinua asmatzen du eta urte guztia mozorroak prestatzen pasa ondoren, kalera irteten dira.

        Pertsonaia berezi batzuk ere ba daude: El Medico dea Peste, Arlecchino, Brighella, Pantalone...

Brasilgo ihauteriak


        Brasilgo ihauteriak hasiera batean pertsona xumeek ospatzen zituzten. Baina, urteak igaro ahala akademia bat sortu zuten. Akademia edo taldeak eratuz joan dira ondoren beraien artean lehiatzeko. Egun, munduko ihauteri ospetsuenetarikoak dira. Mugimendu handia dute, kolore bizi-biziak eta karroza izugarriak. Dantzarien jantziak luma asko dituzte, gorputza margotzen dute eta normalean  emakumeak ateratzen dira dantzatzera.

 
       INAUTERIAK ESLOVENIAN
 
Eslovenian,  hiru inauteri mota egiten dira eta Urteberri ondorengo igandetik hasi eta Errauts  egunerarte luzatzen dira.
 
Ptuj inauteria,   Kurentovanje izenez ezagutzen da eta  herrialdeko inauteri zaharrenetakoa da. Mozorro esanguratsuena deabruarena da, ardi ilez eginda dago mozorroa  eta atzean bi zintzarri handi daramatza.
                                                   
Cerknika izeneko inauterian, Ptuj ekoan antzekoa, sorginez mozorrotzen dira eta dantza egiten dute. Pertsonai nagusia sorgin erraldoi bat da.
 
Eslovenian egiten den beste inauteriak, Laufaria izena du eta bertako  mozorrorik esanguratsuena Aleman Daufen da. Urteberri  ondorengo igandetik hasi eta binaka  hogeitabost pertsoneko taldea osatu arte festan ibiltzen dira. Pertsonai desberdinak dira, eta zurezko maskarak eramaten dituzte.
 
Esloveniako hiru inauteri hauek dira famatuenak oso antzinakoak direlako.
 
 
VENEZUELAKO IHAUTERIAK                                       
 
            Venezuelako ihauteririk garrantzitsuena Puerto Cabellokoa da. 1875ean hasi eta gaur egun oraindik mantentzen diren festak dira.
Papertxo bonbak, karameloak, ura botatzeko tresnak, mozorroak, dantzak eta konpartsak dira  bertako elementu garrantzitsuak.
                                                 
            Festa hauek ez dute egun segururik, urtarrila bukaeran edo martxoa hasieran ospatzen dira. Urtearen zehar eta garai desberdinetan, desfileak eta festa ugari egiten da kalean.
Ihauteri festa grekoen garaitik ospatzen den festa bat da.
 
TXINAKO INAUTERIAK
 
Kondairak dioenez,Hanwu Donsfsho enperadoreak, Yuanxio Dama inperialaren familia aurkitu eta gurasoak ikusteko antolatu zuen festan dute sorrera.
 
Su artifizialek, loreek, irinez eta arrozez egindako albóndiga eta goxokiak… milaka biztanle erakarri zituen festara garai hartan eta ospakizun hori urtero egitea erabaki zuen enperadoreak.
 
Gau honetan zehar, milaka koloretako eta forma askotako lanparak jartzen dituzte herrian. Lehoiaren dantza ere dantzatzen dute.
 Familian irina eta arrozez egindako jakiak jaten dituzte ,eta  beste hainbat txinatar jaki ereHiriko kapitalean 50.000 mila farol jartzen dira eta gazteek lagun berriak egiteko arpobetxatzen dute.
 Orain ere jakiak berdinak jaten dira farolen azpian eta lehoiaren dantza ikusten dute.
 

EZAGUTU BEHARREKO HISTORIA


Manolo Ibarguren  Bolinaga, Lizatzatarrontzako  Manolo haundia, aurki 84 urte beteko  dituen, gizon lerden eta langilea, bezain, umil eta gozoa; akordeoilari trebe eta humoretsua; soinua jotzeko beti prest  dagona, nola dantzan egiteko, entzuteko, eta abesteko, eta, gainera, Lizartzako parrokiko egungo organojole denak, badu, bere urte luze hauetako bizipenen artean, BAT,  guztiz berezia, larria , gogorra, eta benetan beldurgarria, eta lizartzatar guztiok, ezagutu  eta ezagutzera ematera behartzen gaituena,

eta, hori da hain zuzen, orain, zenbait xeetasunekin kontatuko diguna, eta guk, gure aldetik, gogo biziz eskertuz, laburki azaltzen saiatuko gerana.

 

G.-  Nortsuk eta nongoak ziren zure gurasoak ?

 

E.-   Emeterio  Ibarguren  zen atte, eta,  Martzelina Bolinaga ama. Biak Antzuolatarrak, eta,  antzuolatarrak izanik, ezkonduta ere, hasieran, bertan jarri ziran bizitzen.  Gero, Legazpira, eta, ondoren  Lizartzara etorri ziran.  Bost seme alaba izan zituzten, edo senide  ginen, lau mutil eta neska bat. Ni hirugarrena naiz, erdikoa, bizi naizen bakarra, eta  Legazpin jaiotakoa.

 

G.-  Ze arrazoi nagusi izan zuten, Legazpitik Lizartzara etortzeko ?

 

E.-    Gure atte, elektrikaria edo elektrizista zen, lanbidez edo ofizioz. Patrizio

Etxeberria deritzaion lantegira joan zelako, aldatu omen ziran herriz, hau da,  Antzuolatik, Legazpira.  Lizartzara aldiz, Iturralde etxearen ondean, argi indarra egiteko dagoen zentralera etorri zen, bertako nagusia zen  ELKORO, lagunak, horrela eskatu ziolako, eta seguroenik, lan baldintza eta lan saria, nahiko onak eskeini zizkiolako. Bestela,  ez da oso ondo ulertzen, Legazpitik Lizartzarako etorrera.

 

G.-   Noiz eta non jarri zinaten bizitzen ?

 

E.-     Lau urte nituela  etorri omen nintzen, edo ekarri omen ninduten Lizartzara, hau da 1.933 garren urtean, eta Garro etxean bizitzen jarri.

 

G.-     Nola oroitzen zara edo gogoratzen dezu, atte fusilatzera atera zuteneko momentua

 

E.-      Nik zazpi urte nituen gerra hasi zenean.  1.936  ko Uztailaren 25 an, hau da Santiago egunean sartu ziran , napar erreketeak Lizartzan.  Handik egun gutxitara, hiru edo lau egunera, gaueko 12H00 tan  joan ziran , atteren bila etxera.  Kas, kas, kas, ate joka norbait.  Amak atea ireki, eta GUARDIA ZIBIL ARMATUAK  aurrez aurre : Emeterio Ibarguren  hemen bizi al da galdezka.  Amak bai.  Gurekin etorri behar du, beren  erantzun bakarra. Alperrik zan arrazoiak eskatzea 

 

G.-  Zer egin zuten gero  ?.

 

E.-    Alpargatak txinalka zituela, eta ohiatik jeikitako erropakin eraman zuten atte. Ama karraxika:  Emeterio, Emeterio, Emeterio oihukatuz.  Gau iluna zen. Etxetik. garrotik atera eta, Nafarroa aldera joateko agindu zioten. Atte Emeterio, aurretik bakarrik, guardia zibil armadunak  atzetik zituela.  Orexako bidegurutzera irixtean, Insalus aldera Nafarroa aldera  alegia, jarraitzeko  agindu omen zioten. Beti karreteraz noski.  Errota etxea pasa eta,Bittorine etxe ondotik abiatuta, Narbaitzura dijoan bidearen  erdi parera iritxi zenean, tiroka ekin omen zioten, han gordeta zeuden guardia zibilek.  Nahiz eta zauri  larriak jaso, erio hartan, ihes egitea lortu zuen, bere burua errekara boteaz.  Gaua  oso iluna izanik, errekan gora, nolabait, Insalusko baserriraino, ( egun desagertua entrepresa hazitzeko )  iristea lortu zuen,  eta garai hartako etxejabeek, Soroa  eta

Iturriotz, egun, Lizartzan, lehenengo eta bigarrengo apelidoa  Soroa dutenen, atte-ama edo eta, atton-amonak, dana arriskatuz,  lagundu zioten gordetzen, eta, zauriak sendatzen. Guardia zibilak, eginalak egin arren, etzuten aurkitzea lortu

 

G.-  Nola edo nork sendatu zuen zauri larri haietatik.?

 

E.-   Arazo oso larrria izan zen, bai. Zauriak sendatu beharrrari, ixilka eta gordeka ibili beharra gehitzen zitzaizkiolako. Egoerak, sendagilea konfiantzakoa izatea eskatzen zuen.  Herriko sendagilea, Celestino Goikoetxea, nahiz eta gerra hasi zutenak, nahiko begionez ikusi,  zintzo jokatu zuen, eta bere profesioari zegokion mailako  laguntza eman zuen, egoera latz eta larri hartatik ondo ateratzeko .  Horrela salbatu zen gure atte.

 

G.-    Ze arrazoi  egon zitekeen, edo, eduki zezaketeen, zuen attekin horrela jokatzeko.?

 

E.-    Garai hartan eta geroago ere bai, seguroenik  hiru edo lau teléfono bakarrik egongo ziran Lizartza guztian.  Alondegin bat, publikoa, herri guztiaren serbitzurako, eta, han bizi ziren Olanotarrak zuten, deiak hartu, abixoak etxe eta baserrietara pasa, deia egin behar zutenei linea jarri, etabar, etabar, egiteko ardura, eta gure attek lana egiten zuen lekuan, zentralean alegia bestea, eta Insalusen  hirugarrena, eta Karobin  beharbada laugarrena.

Dirudienez, zentraletik  teléfonoz hitzegiten zuela eta,  ixpiitzaz, espioitzaz alegia hartu, eta besterik gabe ,  fusilatzera eraman zuten.  Mundu guztia beldurtzeko erabiltzen zuten jokabide maltzur, gaizto eta izugarria.

 

 

Hauxe da beraz, beste milaka eta milakan artean,  36 ko gerra deritzen zaionean, Lizartzan gertatutako  pasarterik gogorrena, behartuta eramanaz, frentean edo eta han harrapatutako gaixotasunen ondorioz, hildakoekin batera, eta Lizartzatarrok oso, oso gutxi  ezagutzen ditugunak.  

 

KIROLAK_HAURREN FUTBITO TALDEA


1.      Nolatan okurritu zitzaizuen futbito taldea sortzea?

ALBERTO: Herri txikietako kontua da. Ikaztegietatik atera zen ideia, haurrek pilotaz gain beste kirolen bat egiteko. Honela, Ikaztegieta (Ion), Orexa (ni), Lizartza (Mikel), Abaltzisketa eta Berastegi elkartu ginen bi helburu garbirekin: gure umeek elkarrekin jolastea eta talde mixtoak egitea berdintasuna bultzatzeko. Aurten Leaburu elkartu zaigu eta Berastegik ez du parte hartu.

2.      Noiz sortu zenuten?

Iazko ikasturtean.

3.      Ze izen dute taldeek?

Oraingoz Lizartza-Orexa A eta B. Gure proposamena, jokalariek bi herrien izena osatzen duten hizkiekin beste izen bat asmatzea da. Edonola, azken erabakia beraien esku uzten dugu.

4.      Lizartzan pelota ez den beste kirol bat egiteko aukera edukitzea ona da haurrentzat ezta?

ALBERTO: Noski baietz. Eta gehiago egiteko aukera balego hobe: eskubaloia, saskibaloia…

AITOR: Herri txikiak garela kontuan izanda, bertan kirol desberdinak probatzeko aukera izatea eta eskeintzea denontzat da ona, baita gurasoentzat ere.

5.      Haur asko apuntatu dira eta bi talde dituzue. Zein da horren sekretua?

ALB: Bi ez, hiru talde ditugu. Bi alebin mailako eta benjamín mailakoa bestea. Azken hauei guk jarri diegu izena: LIZTORRAK, hizki jokoa praktikatuz. Eta sekretua umeengan dagoela uste dut, beraien nahia delako.

AIT: Bolada kontua ere izan daiteke. Egun, adin beretsuko neska mutil kopuru polita dugu eta horrek gauzak errazten ditu. Kuadrillaren barnean ateratzen da ideia eta bata bestearen babesean… aurrera!

  1. Neskak ere bai. Hori berri  pozgarria da ezta?

ALB: Gaur egun normaltzat hartu behar dugu, ezta? Realean eta Athleticen ere badituzte goi mailako taldeak oinarritik egiten den lanari esker.

AIT: Maila hauetan neskak mutilen pare ibil daitezkeela sinisten dugulako egin dira talde mixtoak. Gainera, gure gaztetxoen heziketarako experientzia positiboa eta aberatsa izatea nahiko genuke.

  1. Ba al duzue zuek esperientziarik entrenatzaile edo jokalari moduan?

ALB: Entrenatzaile titulua Bartzelonan atera nuen, Orexako Guardiola zerbaitegatik deitzen didate! Jokalari garaian “defensa-estorbo” postuan primeran moldatzen nintzen. Entrenatzaile gisa, hau da nire lehenengo taldea; aurtengo udan Gaztelu Cityko jekeak fitxatu nahi ninduen baina uko egin nion eta hemen jarraitzea espero dut.

AIT: Nik lehenengo urtea dut entrenatzaile moduan eta jadanik jarraitzaileek Mourinho deitzen didate, zergatik ote? Mahai gainean Pagozelaiko Spartaken eskaintza eta Lizartza-Orexako proiektua nituen. Bistan da etxeko giroa  hobetsi dudala Gorritiko petrodolarren aurrean. Jokalari moduan ibilbide laburra izan nuen, “pakete” xamarra nintzen eta taldea osatzeko edo bultoa egiteko aproposa nintzela uste dut.

  1. Astean zenbat aldiz entrenatzen duzue?

Astean behin. Astearteetan ordu eta erdi.

  1. Entrenatzaile gogorrak al zarete? Garrasi asko ateratzen duten horietakoak?

ALB: Erantzuna hire esku, Aitor!!

AIT: Jokalariei galdetu behar! Orokorrean oso ondo portatzen dira eta ez dago oihuka ibili beharrik. Etxe guztietan bezala izaten dira tentsio uneak, baina norberak badaki zein den bere eginkizuna taldean eta  gure artean giro polita lortzen ari garela uste dut. Dena den, Gabonetan Valdebebasen ikastaro batean egon gara, Real Madrileko instalazioak eta entrenatzeko metodo berriak ikasten gure taldera egokitzeko.

  1. Ze txapelketa ari zarete jokatzen?

Guk antolatutako Herri Txikietako Areto Futbol Txapelketa.

  1. Zer moduzko emaitzak ari zarete lortzen? Txapelketa irabazteko esperantzarik bai?

ALB: Emaitza nahiko onak ari gara lortzen, baina helburua ez da txapelketa irabaztea. Kirola beste ikuspegi batetik ulertzea nahi dugu. Irabazle eta galtzailerik gabeko denbora-pasa izan behar duela, alegia.

AIT: Parte hartzea, talde lana eta elkartasuna bezalako baloreak bultzatu eta indartu nahi ditugu umeen artean. Gurasoei ere azaldu diegu gure egitasmoa eta guztiok argi dugu partiduak edo txapelketa irabaztea bigarren mailan gelditzen dela. (Beno, umeek beharbada oraindik ez!!).

  1. Badakit batzuetan Orexan eta besteetan Lizartzan jokatzen dituzuela partiduak. Ze egunetan jokatzen dituzue?

ALB: Normalean larunbatetan, arratsaldeko bostetan. Etxeko partiduak herriak txandatuz jokatzen ditugu, bat Lizartzan eta hurrengoa Orexan.

 

  1. Herritarrik joaten al da partiduak ikustera?

ALB: Gurasoak behintzat bai, eta hemendik aurrera jende gehiago etortzea espero dugu. Polita da herritarren animoak jasotzea eta oraindik hurbildu ez zaretenoi gonbidapena luzatzen dizuegu gure artean ondo pasatzeko.

AIT: Iaz ikusi ahal izan nituen partiduetan ikusle dexente biltzen ziren. Aurten, lehenengo jardunaldian Lizartzako frontoian sekulako giroa sortu zen Abaltzisketa eta Leaburuko lagunen bisitarekin. Beste herrietan ere antzeko giroa sumatzen da. Futbola ez gustatu arren, umeen ilusioa eta ahalegina ikusteagatik bakarrik, merezi du frontoira azaltzea. Beraz, etorri eta ANIMATU gure taldeak.

  1. Orexa eta Lizartza bat eginda. Hau ezingo zen imajinatu orain dela urte batzuk ezta?jeje

ALB: Txandapasa!!!Ni Arrasatekoa nauk, hemen autoktonoa hi haiz!!!

AIT: Autoktonoa eta Orexako arrasatearra, Lizartzako tolosarra, Tolosako lizartzarra, han jaioa, hemen bizi dena…gai hori beste baterako utziko diagu ez? Hariari helduta, auzoko herrien arteko ezinikusiak edo pikeak kontu zaharrak iruditzen zaizkit, inora ez daramaten eztabaida antzuak. Gure kasuan berdin, saltsa apur bat ondo dago eta elkar zirikatzea ere bai, baina gauzak muturrera eraman gabe. Azken urte hauetan Lizartzako eskolako ikasleen laurdena orexarrek osatzen dutela kontuan hartuta etorkizunean zailagoa izango da bereizketak egitea. Gainera, ezinezkorik ez dagoela azaltzen duen adibidea aurrean duzue: Pep eta Mou talde berean elkartuta!!! Orexa eta Lizartza zergatik ez???

Gora LIZARTZA-OREXA AFT!!! Gora IHAUTERIAK!!!
Lizartza-Orexa A
 
Lizartza-Orexa B
 
Liztorrak
 
Entrenatzaileak