2013-03-05

EZAGUTU BEHARREKO HISTORIA


Manolo Ibarguren  Bolinaga, Lizatzatarrontzako  Manolo haundia, aurki 84 urte beteko  dituen, gizon lerden eta langilea, bezain, umil eta gozoa; akordeoilari trebe eta humoretsua; soinua jotzeko beti prest  dagona, nola dantzan egiteko, entzuteko, eta abesteko, eta, gainera, Lizartzako parrokiko egungo organojole denak, badu, bere urte luze hauetako bizipenen artean, BAT,  guztiz berezia, larria , gogorra, eta benetan beldurgarria, eta lizartzatar guztiok, ezagutu  eta ezagutzera ematera behartzen gaituena,

eta, hori da hain zuzen, orain, zenbait xeetasunekin kontatuko diguna, eta guk, gure aldetik, gogo biziz eskertuz, laburki azaltzen saiatuko gerana.

 

G.-  Nortsuk eta nongoak ziren zure gurasoak ?

 

E.-   Emeterio  Ibarguren  zen atte, eta,  Martzelina Bolinaga ama. Biak Antzuolatarrak, eta,  antzuolatarrak izanik, ezkonduta ere, hasieran, bertan jarri ziran bizitzen.  Gero, Legazpira, eta, ondoren  Lizartzara etorri ziran.  Bost seme alaba izan zituzten, edo senide  ginen, lau mutil eta neska bat. Ni hirugarrena naiz, erdikoa, bizi naizen bakarra, eta  Legazpin jaiotakoa.

 

G.-  Ze arrazoi nagusi izan zuten, Legazpitik Lizartzara etortzeko ?

 

E.-    Gure atte, elektrikaria edo elektrizista zen, lanbidez edo ofizioz. Patrizio

Etxeberria deritzaion lantegira joan zelako, aldatu omen ziran herriz, hau da,  Antzuolatik, Legazpira.  Lizartzara aldiz, Iturralde etxearen ondean, argi indarra egiteko dagoen zentralera etorri zen, bertako nagusia zen  ELKORO, lagunak, horrela eskatu ziolako, eta seguroenik, lan baldintza eta lan saria, nahiko onak eskeini zizkiolako. Bestela,  ez da oso ondo ulertzen, Legazpitik Lizartzarako etorrera.

 

G.-   Noiz eta non jarri zinaten bizitzen ?

 

E.-     Lau urte nituela  etorri omen nintzen, edo ekarri omen ninduten Lizartzara, hau da 1.933 garren urtean, eta Garro etxean bizitzen jarri.

 

G.-     Nola oroitzen zara edo gogoratzen dezu, atte fusilatzera atera zuteneko momentua

 

E.-      Nik zazpi urte nituen gerra hasi zenean.  1.936  ko Uztailaren 25 an, hau da Santiago egunean sartu ziran , napar erreketeak Lizartzan.  Handik egun gutxitara, hiru edo lau egunera, gaueko 12H00 tan  joan ziran , atteren bila etxera.  Kas, kas, kas, ate joka norbait.  Amak atea ireki, eta GUARDIA ZIBIL ARMATUAK  aurrez aurre : Emeterio Ibarguren  hemen bizi al da galdezka.  Amak bai.  Gurekin etorri behar du, beren  erantzun bakarra. Alperrik zan arrazoiak eskatzea 

 

G.-  Zer egin zuten gero  ?.

 

E.-    Alpargatak txinalka zituela, eta ohiatik jeikitako erropakin eraman zuten atte. Ama karraxika:  Emeterio, Emeterio, Emeterio oihukatuz.  Gau iluna zen. Etxetik. garrotik atera eta, Nafarroa aldera joateko agindu zioten. Atte Emeterio, aurretik bakarrik, guardia zibil armadunak  atzetik zituela.  Orexako bidegurutzera irixtean, Insalus aldera Nafarroa aldera  alegia, jarraitzeko  agindu omen zioten. Beti karreteraz noski.  Errota etxea pasa eta,Bittorine etxe ondotik abiatuta, Narbaitzura dijoan bidearen  erdi parera iritxi zenean, tiroka ekin omen zioten, han gordeta zeuden guardia zibilek.  Nahiz eta zauri  larriak jaso, erio hartan, ihes egitea lortu zuen, bere burua errekara boteaz.  Gaua  oso iluna izanik, errekan gora, nolabait, Insalusko baserriraino, ( egun desagertua entrepresa hazitzeko )  iristea lortu zuen,  eta garai hartako etxejabeek, Soroa  eta

Iturriotz, egun, Lizartzan, lehenengo eta bigarrengo apelidoa  Soroa dutenen, atte-ama edo eta, atton-amonak, dana arriskatuz,  lagundu zioten gordetzen, eta, zauriak sendatzen. Guardia zibilak, eginalak egin arren, etzuten aurkitzea lortu

 

G.-  Nola edo nork sendatu zuen zauri larri haietatik.?

 

E.-   Arazo oso larrria izan zen, bai. Zauriak sendatu beharrrari, ixilka eta gordeka ibili beharra gehitzen zitzaizkiolako. Egoerak, sendagilea konfiantzakoa izatea eskatzen zuen.  Herriko sendagilea, Celestino Goikoetxea, nahiz eta gerra hasi zutenak, nahiko begionez ikusi,  zintzo jokatu zuen, eta bere profesioari zegokion mailako  laguntza eman zuen, egoera latz eta larri hartatik ondo ateratzeko .  Horrela salbatu zen gure atte.

 

G.-    Ze arrazoi  egon zitekeen, edo, eduki zezaketeen, zuen attekin horrela jokatzeko.?

 

E.-    Garai hartan eta geroago ere bai, seguroenik  hiru edo lau teléfono bakarrik egongo ziran Lizartza guztian.  Alondegin bat, publikoa, herri guztiaren serbitzurako, eta, han bizi ziren Olanotarrak zuten, deiak hartu, abixoak etxe eta baserrietara pasa, deia egin behar zutenei linea jarri, etabar, etabar, egiteko ardura, eta gure attek lana egiten zuen lekuan, zentralean alegia bestea, eta Insalusen  hirugarrena, eta Karobin  beharbada laugarrena.

Dirudienez, zentraletik  teléfonoz hitzegiten zuela eta,  ixpiitzaz, espioitzaz alegia hartu, eta besterik gabe ,  fusilatzera eraman zuten.  Mundu guztia beldurtzeko erabiltzen zuten jokabide maltzur, gaizto eta izugarria.

 

 

Hauxe da beraz, beste milaka eta milakan artean,  36 ko gerra deritzen zaionean, Lizartzan gertatutako  pasarterik gogorrena, behartuta eramanaz, frentean edo eta han harrapatutako gaixotasunen ondorioz, hildakoekin batera, eta Lizartzatarrok oso, oso gutxi  ezagutzen ditugunak.  

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina