Urteren batean lehenago izan badira ere, nahiko goiztiar datoz aurten Ihauteriak. 2013.
urte honetan urtarrilaren 26-an hasi eta otsailaren lehenengo asteburuan
ospatuko ditugu Lizartzan. Ihauteriak; negu beltzeko jai alaiak, kolorez
beterikoak, dantzak, mozorroak, musika doinuak, jan-edana ugari...
Hogeigarren aldiz! Bai, bai!, 1994. urtean berreskuratu
genituenetik hogeigarren aldiz ospatzera goaz Ihauteriak! Hasierako ilusioa
mantendu nahian, oztopoei aurre eginaz laguntza ugari izan dugu urte guzti
hauetan. Bakoitzak bere neurrian emandako laguntza, modu batean edo bestean festaren
partaide izatea laguntza baita. Eta horri esker lortu da hainbeste urtez
jarraian Ihauteriak ospatzea.
Tartean laguntzaile bat baino gehiago agurtzea ere tokatu
zaigu. Bizilegea. Eta hogeigarren Ihauterien antolakuntzari ekin diogunean
hutsune galantarekin topo egin dugu; Otsolar dantza taldeko lehendakaria,
ohorezko kapitaina, Lizartzako Ihauterien artzaina… Nahiz eta hutsuneak
betetzen saiatu garen, seguru gaude hutsune gehiago agertuko direla, bai
baitakigu gu jabetu gabeko zereginak, isil isilik inor konturatu gabe Ihauterien
artzainak egiten zituen horiek, aurten agerian geratuko direla.
Ihauterien berreskuratze lanetan giltza izan zen gure
ohorezko kapitaina. Baina ez zuen ulertzen dantzarik gabeko Ihauteririk,
benetan maite zituenak dantzak baitziren. Eta hori ez zuen hitzez esan beharrik
izaten, bere jardunean, bere begiradan, bere eztarriko Bruuuu! berezian
antzematen zitzaion. Bere gurasoengandik ikasitako dantzak azkeneko
momenturaino ondorengoei erakusten saiatu zen. Pazientziaz, patxadaz, momentu
oro gozatuz.
Hemendik aurrerakoa denon erronka da beraz! Eskertu
dezagun gure Ihauterien artzaina, ohorezko kapitaina, Ihauteriak ospatuz eta Ihauteri dantzak
dantzatuz! Gora beti gure Ihauteriak!!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina