Guztiok dakigun bezala, Garazi
eta Amets Esnaola ahizpak odolean daramate musikarekiko
zaletasuna. Jesus Mari Esnaolaren alabak izanik, txiki-txikitatik izan dute
musikarekiko nolabaiteko maitasun eta lotura.
Orain, biek elkarlanean, abesti berri bat sortu dute ("Ezintasunean:
sinistu nahi dut") eta abesti horrekin sari eder bat ere eskuratu dute. 2012ko
Gipuzkoako kantu txapelketan Sorkuntza originalaren
aipamen berezia haiz zuzen ere.
1. Zenbat urterekin hasi zineten musikaren munduan zuzenean murgiltzen? Zein
instrumenturekin?
Garazi: aita
ofizioz musikaria eta ama musikari afizionatua, nik uste argi gelditzen dela musikarekin izandako
lehen kontaktua txiki-txikiak ginenean izan zela, etxean ez da sekula musikarik
falta izan.
Amets: baina,
lau urterekin edo erabaki genuen bakoitzak ikasi nahi zuen instrumentua, Garazik
pianoa eta nik gitarra.
2. Instrumentu bakarra aipatu duzue, baina bat baino gehiagorekin ikusi
zaituztegu. Zein da zuentzat bereziena edo
gustukoena? Zergatik?
Amets: niretzat gitarra da bereziena, txiki-txikitatik
ikasi nuenez erosoago sentitzen bainaiz.
Garazi: pianoa
dela instrumenturik bereziena esan nezake, Ametsek aipaturiko arrazoi
berarengatik, azken finean, urteek eroso sentitzen laguntzen dizute
instrumenturekin eta erosotasunak, gehiago disfrutatzen laguntzen dizu. Hala
ere, bakoitzak bere berezitasunak dituela esango nuke eta igarotako momentuek
ere berezi egiten dute instrumentu bat. Nik adibidez, kanpoan egon naizen guztietan
gitarra gainean eraman dut, bidaia eta
parranda ugari egin ditu nirekin, beraz, nik ezingo nuke bakarra aukeratu.
3. Zein musika mota entzuten duzue orokorrean? Zein da zuen musika talderik
gustukoena?
Amets: ez zait talde konkretuak aipatzea
gustatzen, jende desberdinaren abestiak entzuten baititut. Musika estiloari
dagokionez, Pop-a da momentuan gehien entzuten dudana
Garazi: fisikoki antz handia dugula diote gehienek,
baina musika estiloari dagokionean nahiko desberdinak gara… Rocka, swinga, jazza edota elektronika kutsua
duen musika entzuten dut gehien. Taldeei dagokienean oso zaila egiten zait bat
hautatzea baina batzuk aipatzekotan
euskal herrian, Willis Drummond,
Berri Txarrak, Mursego…. Eta hemendik kanpo berriz, Jack White (amerikarra), Shaka Ponk (frantsesak),
Wolfmother (australiarrak)…
Motz-motzean
esanda, nire kasuan behintzat, beti lagun artean eta ondo pasatzeko helburuarekin.
Lehen
taldea “Kantuki” izan zen eta Billabonako dantza taldean musikari lanetan ari
ginen 7 lagun eta dantzari baten artean sortu zen. Zenbait afari, bidaia eta
parrandaren ondoren sortu zen berbena talde bat sortzeko ideia eta horrelaxe
atera zen.
“Margot”i
dagokionean lagun batek aurretik zuen
proiektua zen, nobela beltzeko istorio batzuk zituen idatziak eta honen
inguruko abestiak konposatzen hasita zegoen. Orduan, beste batzuekin batera
proiektuan parte hartzeko gonbita luzatu zidan eta baiezkoa eman nion.
5. Amets, zuri gustatuko al litzaizuke ahizpa nagusiaren pausuak jarraitzea?
Bai, gustatuko litzaidake etorkizun batean
musikarekin zerikusia duen zerbait egiten jarraitzea, talderen batean edo.
6. Nolatan sortu zitzaizuen kantu berri bat sortzearen ideia? Sortzen
duzuen lehenengo kanta al da?
Garazi: ez zen bat-bateko ideia bat izan ezta
txapelketarako bereziki egindakoa ere. Ametsek abestia egina zuen liburu
batetik hartutako letrarekin eta etxean txapelketara aurkeztea animatu genuen.
Baina, lehenengo aldiz eta bakarrik atertzea baino erosoago sentituko zela
bikote bezala ateratzen baginen eta
orduan ekin genien abestiaren moldaketei.
Amets: ez, ez da lehenengoa nahiz moldaketa egin
diogun bakarra izan den, baditugu aurretik idatziak, Garazik bereak eta nik nireak.
7. Zer egiten zaizue abesti bat asmatzerako garaian zailen, letra edo melodia?
Amets: bioi letra da zailena egiten zaiguna, horrexegatik sarritan poema
liburuetatik hartzen ditugu eta musika jartzen diegu.
Garazi: gutxien landu duguna da eta kosta egin zaigu letra onak egitea
nahiz eta batzuk egin ditugun.. inoiz ez gara oso konforme gelditzen
idatzitakoarekin. Gai egokia aukeratzeaz gain, esan beharrekoa nola esan horrek
lan handiak ematen dizkigu.
8. Badakigu txapelketa askotan hartu duzuela
parte, baina orain arteko guztietan
ez zarete elkarrekin aurkeztu. Zenbat txapelketetan hartu duzue parte,
laguntzen edo protagonista izaten? Beste saririk lortu al duzue?
Garazi: egia esan ez dut ondo gogoratzen duela sei
urte edo izan zen lehengoa eta orduz gero sarritan izan naiz tartean. Baina,
gehienetan musikari laguntzaile bezala. Bakar batean aritu nintzen abesten
Billabonako taldearekin atera ginen urtean, duela bi urte eta bertan bai,
taldekako txapela eskuratu genuen.
Amets: nik aurretik umeen sailean hartu dut parte
bai laguntzaile gisa eta baita taldean ere, baina aurtengoa izan da helduenean
atera naizen lehen aldia.
9. Zer esango zenieke lotsarengatik nahiz beste arrazoi batengatik
txapelketetan aurkezteko zalantzan dagoen edonori?
Amets: lotsak eta beldurrak alde batera uzteko eta
animatzeko txapelketan parte hartzera.
Garazi: azken finean, jende berria ezagutzeko
aukera bat dela eta jendaurrean aritzeko dauden aukera apur horietako bat
denez, aprobetxatu behar dela.
10. Etorkizunean musikatik bizitzea gustatuko al litzaizueke? Posible ikusten
al duzue aukera hori?
Biok bat gatoz erantzunean, bai, gustatu bai,
baina, errealitatera itzuliz ez dugu gure burua etorkizunean profesional gisara
ikusten. Egungo egoera inoiz baino okerragoa omen da bai diskogintzan, bai
zuzenekoetan … gutxi batzuk dira hortik bizitzeko aukera dutenak. Baina egia
esan, musika ikasten hasi ginenean ere ez zen hori gure helburua. Musikaz disfrutatu egin dugu, egiten dugu
eta horretan jarraitu nahi genuke.
11. Noizbait ohitzen al da taula gainean jardutera? Urduritasun puntu bat
beharrezkoa dela iruditzen al zaizue?
Amets: nahiz eta lehen aldia ez izan, beti jartzen
zara urduri.
Garazi: nik uste urduritasun horren aurrean duzun
jarrera dela aldatzen dena. Hasieran, itxi eta lotu egiten zaitu, ez dizu nahi
duzun guztia azaleratzen uzten eta beldur izaten diozu. Baina, pixkanaka,
urduritasun horren beharra sentitzen duzu eta disfrutatzen laguntzen dizu: puntuan
jarri, dena emateko.
12. Musikaz aparte ba al duzue bestelako zaletasunik?
Amets: argazkilaritza gustatzen zait. Argazkiak
atera, ordenagailuz konpondu eta muntaia desberdinak egitea.
Garazi: Niri berriz, amonak esaten duen moduan,
etxean ez egotea jaja! Bidaiatzea. Motxila, bizikleta, gitarra hartu; aitari
furgoneta kendu eta edonora ateratzea: hiria, mendia, kostaldea, Euskal Herrira
edo kanpora...
Orain, musikaren inguruan gehiago dakigula esan
dezakegu eta bien elkarlanetik agian etorkizun batean sortuko den diskoaren
zain geratuko gara. Honen berri emango diguzuelakoan, ZORTE ON BIOI!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina